Mikel Biain Oñatiko Bildu-ko alkategaia: "Oñati oñatiarrekin batera eratzea da nahi duguna"

Irati Goitia 2011ko apirilaren 19a

Politikan ez du militantzia oso aktiboa izan, baina ilusioz beteta dator. Punta-puntako lan taldea osatu dutela dio, gaztea eta era berean trebakuntza tekniko handikoa. Euren lehen helburua herri eredu parte-hartzailea eta bizia eratzea izango litzateke.

Soslaia

Mikel Biainek izango du zer ospatu, maiatzaren 22ko hauteskundeetan alkatetza lortuz gero; izan ere, maiatzaren 25ean betetzen ditu urteak, 34 urte. Enpresa gestioko ikasketak burutu zituen Elgoibarko Gestio Eskolan eta Enpresa Zientzietan diplomatua da MUn. Egun, CANen dihardu lanean, Arrasaten.

 

Zer da Bilduk Oñatiri eskainiko diona?

Egun, udalak duen jarreraren alderdi negatiboetako bat da udaletxearen eta herritarren artean dagoen distantzia, urruntasuna. Guk horrekin amaitu nahi dugu. Gure nahia Oñati oñatiarrekin batera eratzea da. Erabaki guneetatik aldendu gaituen egungo sistema honi buelta eman nahi diogu eta oñatiarrok erabakiak hartzeko sistemak berreskuratzea.

Parte hartzeko metodo horiek zeintzuk izango lirateke?

Neurri zehatzak hartuko genituzke, besteak beste: herritarrek osoko udal batzarretan proposamenak egitea ahalbidetuko genuke, gobernu batzordea alderdi guztiei irekiko genieke, herritarrei iraunkorki informazioa bideratzeko bitartekoak jarriko genituzke eta herri kontsultak burutzeko araudi bat gauzatuko genuke.

Zein da zuen programaren ardatz nagusia?

Esan bezala, gure helburu nagusia herri eredu partehartzaile eta bizia eratzea da, baita Oñatin Euskal Herriaren erro eta nortasuna indartzea ere.


Mikel Biain pilotalekuan
 

Eta garatu nahiko zenituzketen proiektuak?

Herri programaren barnean gogor aritu gara lanean eta hainbat proiektu proposamen ditugu, guretzat garrantzitsuenetarikoak honako hauek izango lirateke:

  • ETEO kultura eta arte sorkuntzarako gune bilatzea. Asmoa izango litzateke bertan batzea kultura arloan lanean dabiltzan talde ezberdinak.
  • Gazte-Lekua Kafe Antzoki bilakatzeko aukera aztertuko genuke.
  •  Plazako frontoia eta egun aparkalekua den gunea egokitu eta gune estali bilakatu. Santa Marinako azoka bertara lekualdatuko genuke eta berdura azokarekin batera jarri, azoka indartzeko asmoarekin.
  •  Lehen sektoreko elikagaien kontsumoa bultzatzeko mekanismoak ezarri eta sektore horri erraztasunak eta laguntzak eman.
  •  Oinezkoentzako pasealekuak egokitu eta txukundu. Besteak beste, Olara eta San Martin artean dagoen bidexka berreskuratuko genuke. Bestalde, oinezkoentzat gune arriskutsuak ekidin behar ditugu: Olabartan eta San Pedron, adibidez.
  •  Hileta zibilak antolatzeko tokia egokitu.
  •  Turismoari begira autokarabana eta furgonetentzako parking bat egitea.


Zein da Oñatik duen premiarik handiena?

Ongizatea. Guretzat oso garrantzitsua da arlo hori. Guk lan eta bizi kalitate duina ziurtatu nahi dugu oñatiarrentzat: etxebizitza eta lanpostu duinak, gutxieneko errenta eta zerbitzu publiko eta sozialak indartu. Hor adibidez, hirugarren adinekoen ongizateari begira, kudeaketa eredu berri bat proposatuko genuke (bizitza plan independentea). Gazteei zuzendutako ideiak ere baditugu: ETEOn espazio izugarria ikusten dugu eta eskaintzen dituen aukeren artean gazteak etxetik independizatzeko alokairuko estudio batzuk eraikitzeko aukera ikusten dugu, kultura eta arte sorkuntzako gunearekin batera.


Mikel Biain

Udal Gobernuak 5. edukiontzia jartzea onartu berri du. Zein da zuen iritzia?

Gu atez atekoaren alde gaude eta Usurbilgo ituna ere sinatu dugu. Izan ere, frogatu da sistemarik eraginkorrena dela bilketa selektiborako. Gainera, eredu horrek ez du erabat hipotekatuko gaituen erraustegi baten beharrik sortzen.

Koalizioa eratu duzue. Batasunerako garaia dela uste duzue?

Bildu osatzen dugun erakunde eta pertsonok, aldaketarako dagoen benetako aukeraren aurrean eta Euskal Herrian zabaltzen ari den eskenatoki politiko, sozial eta instituzionala ikusita, urrats berri bat emateko erabakia hartu dugu: indarrak biltzea, aniztasunean elkartzea eta ezkerreko independentistak eta suberanistak osaturiko eskaintza elektorala herritarrei luzatzea, garai politiko nahiz sozial berriei erantzuteko asmoz. 

Bilduren zerrenden kontra egingo dutela esan dute, baita zerrendak lupaz begiratuko dituztela. Ba al duzue beldurrik?

Egia esan, dagoeneko agortu zaigu harritzeko gaitasuna, baina zail ikusten dut, oso nabarikoa izango litzateke. Nik uste dut euren helburua jendea urduri jartzea dela, aurkezteko asmotan daudenak atzera bota daitezen. Guk zorionez oso talde ona eratu dugu eta begiratu dezatela gure zerrenda goitik behera lupaz, ez dute ezer aurkituko.

Zer espero duzue hauteskundeetan?

Oso emaitza onak lortzea espero dugu eta baita alkatetza lortzea ere, noski. Herritarrak aldaketa gogoz ikusten ditugu eta indar metaketen alde eman dugun pausua eskertuko dutela uste dugu.


Emaitza onak espero dituzte hauteskundetan

Zer da Oñatitik gehien gustatzen zaizuna?

Oñati nortasun handiko herria da eta oñatiarrok nortasun berezia dugula uste dut. Hori da gehien gustatzen zaidana, baita herri euskalduna izatea ere.

Eta gutxien gustatzen zaizuna?

Udaletxea kaleko herritarrengandik urrun dagoela uste dut.

Nolako Oñati amesten duzu etorkizunean?

Betiere bere izaera mantenduz, ondo kudeatutako herri aurrerakoi bezala amesten dut: euskalduna, solidarioa, ingurugiroarekin jasangarria, eta gizon eta emakumeen arteko benetako parekidetasunean oinarritua.

Alkate irtenez gero, zer izango da egingo duzun lehen gauza?

Lehenik eta behin, herriari eskerrak emango nizkioke eta hurrengo egunean lanean hasi, udal langile guztiekin bilduko nintzateke.


Mikel Biain

Zergatik zaude politikan?

Ez dut herriko beste hainbat pertsonek izan duten bezainbesteko militantzia aktiboa izan, baina jarduera batzuetan parte hartu izan dut. Hainbat jenderen aldetik proposamena iritsi zait eta herriarentzako lan egitea gauza ederra eta betegarria iruditzen zait.

Zerrendaburu zoaz. Ilusioz?

Ilusioz eta indarrez beteta heltzen diot. Punta-puntako lan taldea osatu dugu, talde gaztea eta era berean trebakuntza tekniko handikoa. Jada badaramagu denbora elkarlanean eta oso talde dinamikoa sortu dugu.

Besterik gehitzeko?

Aipamen bat egin nahiko nuke bukatu aurretik: kontuan izan behar dugu Oñatin 200 pertsona inguru ezin izan direla berriz hautagai bezala aurkeztu, noizbait hautagai izateagatik. Herritar horiei elkartasuna helarazi nahi diegu eta adierazi gure kandidaturan hitza izango dutela.

 

Gertutik

Herriko txoko gustukoena: Agiña. 

Herritar bat: Margatira Naparrena. 

 Pertsonaia historiko bat: Lope de Agirre. 

Telebistako saio bat: dagoeneko ez da emititzen, baina Kalaka. 

Sare sozialetan ibiltzen sara? Ez, egin dut saiakera bat Facebook-en, baina ez naiz oso zalea. 

Irakurri duzun azken liburua: La doctrina del Shock (Naomi Klein) irakurtzen nabil. 

Egunkaririk irakurtzen duzu? Berria eta Gara, batzuetan El Pais. 

Zein da erosten duzuna? Gara.

Interneten zertan ibiltzen zara? Batez ere prentsako webgunetan ibiltzen naiz, nazionaletan eta nazioartekoetan. Internetez info7 irratia entzuteko ohitura ere badut eta zenbait bideo ere ikusten ditut.

Ikusi duzun azken filma: Aspaldi ez dut pelikula bat lasai ikusi. Beraz, gustuko bat esango dizut Mystic River (Clint Eastwood).

Abesti bat: Zaharra zara Bilbo (Gari).

Mania bat: Janariari piper min asko botatzea, emaztea zenbaitetan kexu izaten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak