Lehenengo topaketa, baina ez azkena

Txomin Madina Milikua 2011ko apirilaren 19a

Nolabaiteko elbarritasun maila duten gaztetxoei helduak direnean autonomo izan daitezen estrategiak ematea da ZIG –Zereginen Ikasketarako Gelak– gelen helburua.

Debagoienean lau gela daude: Arrasaten bi, Bergaran eta Oñatin. Bada, apirilaren 13an (eguaztena) guztiak Oñatin elkartu eta elkar ezagutzeko aukera izan zuten. Debagoieneko ZIG gelen topaketa egin zuten.

Harremanak sendotuz
Apirilaren 13ko topaketarekin elkarren arteko harremanak sendotzea bilatzen zen. "Gehienek arazoak izaten dituzte beste pertsona batzuekin harremanak izateko: lotsak, beldurrak... Gaurko topaketa oso onuragarria izan da haientzat. Antzerako kezkak eta beldurrak dituzten pertsonak ezagutzeko aukera izan dute, eta horrek asko lagunduko die", kontatu zigun Arrasateko ZIG gelako irakasle Asier Osinagak.

16 eta 20 urte bitarteko 24 gaztek hartu zuten parte topaketan. 10:00etan zuten hitzordua; unibertsitate ondoko geltokian. Handik unibertsitatera joan ziren kalejiran, eta txistularien doinuek animatuta, aurreskua dantzatzera ere animatu ziren Martin Etxabe eta Beñat Barrutia. Unibertsitatea eta Parrokia bisitatu ostean hamaiketakoa egin zuten. Ondoren ikasleek euren artean hobeto ezagutzeko denbora librea izan zuten. "Oñatiko plaza inguruan euren kasara ibiltzeko denbora izaten dute, euren gauzen inguruan hitz egin eta elkar ezagutzeko".

Aurtengo topaketaren arrakasta ikusita, Bergarako ZIG gelakoak prest daude hurrengoa eurak antolatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak