Partidu bat irabazita EBAn legoke Aloña

Miren Arregi Amasorrain 2011ko api. 17a, 22:44

"Bagenekien talde esperientziaduna eta gogorra genuela aurrean eta helburua eustea eta haiei konfiantzarik ez ematea izan da" adierazi zigun Xabi Igartuak. Eta lortu zuten gainera. Lehen zatia bi puntuko abantailarekin amaitu zuten Xabi Igartuaren mutilek, eta bigarrenean, etxeko zaleen laguntzaz partidua bereganatzea lortu zuten.

"Jokalariak oso kontzentratuta ikusi ditut; nahiz eta hasieran markagailuan alde txikia izan, kontzentrazio maila horrek lagundu digu hirugarren eta laugarren laurdenetan erakutsi dugun mailara iristen", zioen pozik, Igartuak. Hirugarren laurdena izan zen klabea, izan ere, markagailuan justu justu ibiltzetik, arnasa lasai hartzera pasatu ziren Sustrai Aloñakoak. Laugarren laurdenerako, abantaila handiarekin, lasai errematatu zuten partidua oñatiarrek. Emaitza: 86-68.

EBA ligarako igoera fasean dago Sustrai Aloña. Aurtengoan, lehenengo maila nazionalean jokatu duen lehen denboraldi honetan, maila altuko taldea dela erakutsi du Sustrai Aloñak eta orain, hiru jardunaldiren faltan, kategoriaz igotzeko puntu puntuan dago. Asteburu honetan ez du EBA ligan egoteko txartelik eskuratu, baina, gelditzen diren hiru jardunaldietako bakarra irabazita, lortuko luke kategoriaz igotzea. Pentsa liteke lortuko duela, izan ere, denboraldi guztian soilik hiru partidu galduta, gelditzen diren hiru jardunaldiak galtzea oso zorte txarra litzateke. Gainera, hiru urte daramatzate Sustrai Aloña Mendiko mutilek etxean galdu barik, eta gelditzen diren hiru jardunaldietako bat Zubikoan jokatuko dute.

Hurrengoa Azpeitiaren kontra

Datorren jardunaldian Azpeitiaren kontra egingo dute Igartuaren mutilek; oso gertu duten talde baten kontra. Oso lehiakorra da Azpeitia; nahiz eta azken bi partiduak galdu, denboraldi ona egin duena eta Sustrai Aloñari Zubikoan estualdiak ere pasarazi dizkiona. Dena den, Igartuak konfiantza du taldearengan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak