Soslaia |
|
Karmelo Perez de Almaraz San Jose 45 urteko soraluzearra da (jaiotzez, ordea, Valladolideko Almaraz de la mota herrikoa), baina, Oñatin du bizileku. EHUn Zuzenbide ikasketak egin zituen eta ondorengo masterrak ditu: gestio administratibo eta tributario masterra; euskal administrazio publikoan, giza baliabide, ingurumen eta kalitateko masterrak ere baditu. Egun, administrazio kudeatzaile eta aholkulari juridiko-tributario gisa egiten du lan. Zaletasunen artean, irakurtzea, idaztea, bizikletan ibiltzea, mendira joatea eta altzari zaharrak errekuperatzea ditu. Ezkondua da eta bi semen-alabaren aita da. |
Noiztik daramazu zinegotzi moduan Oñatin?
2003an hasi nuen legegintzaldia. Lehen aldiz aurkezteko gainera, emaitza onak izan genituen, espero baino hobeak. Bigarren legegintzaldirako, berriz, ezkertiarren indarrak batzea erabaki genuen Zutik, Aralar eta zenbait independenteekin batera. Azken lau urte hauetako esperientzia oso ona izan da. Baina orain mapa geo-politikoa aldatzen doa eta Aralarrek bere bidea egingo du. Beraz, EB bakarrik joango da nahi duten independenteekin batera.
Zerrendak gertu?
Zerrendak gertu ditugu. Balore ezkertiarrak dituzten eta herritarren parte-hartzea eta gizartearen integrazioarako lanean diharduten pertsonek osatzen dute zerrenda.
Herritarrek ze harrera egingo diote Bildu-ri?
Nik ulertzen dut Bilduk itxaropena eta ilusioa sortzea abertzale ezkertiarren artean. Bildu posible izango dela ikusten dut eta emaitzak ere onak izango dituelakoan nago. Sortu hauteskundeetan egon behar dela uste dugu Bildu bezala edo bestelako koalizio batean. Alderdien legea sostengaezina da. Baina ezker abertzaleko jendeak aurkezteko izan behar duen aukerarekin batera, esan nahi dut sozialistek eta popularrek bizi duten askatasun zainduaz eta ETAren itzalaz amaitu behar dela. Izan ere, horrek hautagai oñatiarrak aurkezteko zailtasunak eragiten dizkie. Etorkinen diskriminazioa ere aipatu nahi dut. Hauek ere ez dutelako boto eskubidea nahiz eta herrian lan egin eta zergak ordaindu.
Ze eskaintzen duzue gazteendako?
Ez dugu gaztetxe esan nahi ez dugulako politizatu nahi, baina autogestioren alde egiten dugu 18 urteko gorakoendako eta gazteendako gune bat aldarrikatzen dugu. Guk herriko gazteek martxan jarri duten proiektua bultzatu eta babesten dugu. Hori bai, toki modernoago batera aldatuko nituzke.
Kulturari dagokionez?
Idea bezala azpimarratu, tokiko antzerkia bultzatu nahi dugula. Orain Pake Lekukoen aldetik ikusten ditugu zenbait ekimen. Jendearen parte-hartzea sustatzea izango litzateke helburua. Kondearen etxean txokolatearen museoa ere egingo nuke.
Eta euskarari?
Bere garaian, Estatutik etorritako etorkinak asko izan ziren herrian eta integratzen joan dira. Baina orain munduko txoko ezberdinetatik datozen etorkinak ditugu herrian: hegoamerikarrak, afrikarrak, asiarrak… Hauen integraziorako Euskaltegi baten luzapena eta euskararen aldeko politika indartuak jarriko nituzke. Horrekin batera, Oñati irratian eta Kontzejupetik aldizkarian atal bat sortuko nuke euskaldun berriendako.
Hirigintzan?
Krisi ekonomikoa eta etxebizitzak egun bizi duen krisiari batu zaio. Oñatik azken urteetan etxebizitza bolumen handia eraiki zuen, mila etxe egitera iritsi dira pentsa!. Eta orain, aipatutako krisiaren ondorioz, dena gelditu behar izan dute. Hortxe duzue esaterako, Kurtiderian, Etxe Zuri bota ostean nola geratu den ingurua, guztiz degradatuta. Etxebizitzen errehabilitazioa eta hutsik daudenak alokairuan ematea bultzatzen dugu Bizigune moduko ekimenen bitartez.
Lehengo Eteo zenaren ingurua, berriz, aisialdirako, kirolerako edo bestelako kultura ekintzetarako gunean bilakatuko genuke. Horrelako eraikina izanda, gastu orokorra gutxituko genuke eta bertan batu daitezke kontzejupetik, ludoteka, musika eta antzerki taldeen entsegu lokalak, Oñatz taldea, Euskaltegia, bertso eta musika eskola, hedabide lokalak… Hirigintza jasangarriaren alde egiten dugu.
Auzoei dagokienez, degradatutako guneak aisialdirako berregitea da gure asmoa. Beti ere bizilagunekin batera. Hala, San Martin edo Santa Lutziako parkeak ditugu aisialdirako besteak beste. Eskakizunen artean, skate pista, graffitiendako gunea edota kirola egiteko guneen proiektuak daude. Aipatu nahiko nuke, San Martingo ermita atzealdean dagoen gunean hileta zibilak egiteko tokia jartzea.
Oñatiarrei ze eskaintzen diozue?
Udala herritar guztiei zabalduko nieke zuzeneko parte-hartzea bultzatzeko gai guztietan. Adibidez: herritarrekin batera aurrekontuak landu, herriko zein kanpoko auzoetako bileretan parte hartu, udal webgune partizipatiboagoa egin… Herritarrekin koordinazioz lan egitea bultzatuko nuke. Udaleko egueneroko bizitzan, herritarren parte-hartze errealaren aldeko apustua egiten dugu hau demokratizatzeko. Gehiengo nagusiaz amaitu nahi dugu.
Zeintzuk dira herriko lehenesten dituzuen beharrak?
Benetako integraziorako bide asko falta dela uste dut. Benetako apustua egin behar dugu guztion artean garapena lortzeko. Gazteen etorkizunerako zein helduen bizi maila hobetzeko lan egin behar dugu gogor. Eta nola ez etorkinen integrazioa lortzeko. Umeei dagokienez, aipatu gurako nuke, herri eskolak bere haur eskola publikoa ere izatea.
Zer da herritik gutxien gustatzen zaizuna?
Klasismoa.
Eta gehien?
Bertako jendea, herritarrak. Kanpokoek itxiak garela diote baina ezagutzen gaituztenean iritziz aldatzen dute. Oso atseginak garela ohartzen dira.
Zergatik zaude politikan?
Gizarteko aldaketan sinisten dudalako, justizia soziala lortzeko. Herri mailan errazagoa da, posible da aldaketa lortzea politika orokorrarekin alderatzen badugu.
Nolako Oñatirekin amesten duzu?
Oñati ireki eta parte-hartzaile batekin, elkarrizketari bide ematen diona.
Alkate izango bazina?
Hori ametsa da, oso zaila. Hala ere, azken udal errepublikarrean zegoen Ikurriña jarriko nuke udaletxeko balkoian bandera errepublikarrarekin batera.
Atez atekoaren alde egin duzue.
Bai, izan ere, atez ateko zabor bilketak %20an gutxituko du batutako zaborraren errefusa eta errahutsa, toxiko gabe. Baina erraustegiarekin, aldiz, %20ko zaborrari, txokikoa den %15a gehitu behar zaio. Atez atekoarekin gainera, Zubietako erraustegiaren beharra ezabatuko genuke. Kontsumitzaileak, herritarrak kontzientziatu behar dira guk sortzen dugula zaborra eta gure ardura dela. Atez atekoarekin gutxi batzuk egingo lukete negozioa. Edukiontzi handiak kenduko lirateke herriko zirkulazioa erraztuz eta irisgarriagoa eginez. Izan ere, horia, berdea, urdina, zabor orokorra jasotzekoa, olioarendako dena eta orain marroia? Gainera hondakin organiko puruaren %90a berreskuratuko litzateke ondoren kalitate handiko konposta egiteko. Milanen edo Katalunian izandako esperientzia positiboa ikusi besterik ez dago. Noski, horrek herritarrendako kontzientziazio kanpaian sendoa eskatzen du.
Gertutik |
|