Musika, musika eta musika
Bazkalostea girotzeko, kontzertua egingo dute hainbat taldek tabernaren aurreko parkean; alegia, Kale Barriko plazatxoan. Besteak beste egongo dira Saz le Bolo talde mitikoa, Joxe Mari Anduaga bakarlaria, Hertzainak taldearen bertsioak egiten dituen taldea eta egungo musika egiten duten Drakes eta CC627 taldeak. Nork bere emanaldia egingo du. Zuzeneko jaialdia 17:00etan hasi eta 22:00ak aldera bukatuko dute.
Bestelako musika gustuko dutenendako, DJ Soraluzek disko-festa egingo du toki berean. 22:00etan hasita. 1970eko eta 1980ko hamarkadetako kantuak jarriko ditu.
Ekitaldi herrikoiaren azken hitzorduak etzi, domekan, egingo dituzte: alde batetik, 17:30ean, erraldoi eta buruhandien kalejira egingo dute; beste alde batetik, 19:00etan, Los Numeros Uno taldeak kontzertua egingo du. Bertsioak izango dira zuzenekoaren muina.
Azkena hilaren 30ean...
Ekitaldi herrikoiarekin bukatutzat emango dituzte Guriaren omeneko ekintzak. Edo ez. "Ateak itxiko ditugu hilaren 30ean, zapatua. Akaso egun horretan zerbait berezia egingo dugu. Baina, ez daukagu ezer lotuta", dio Azpiazuk.
Azken hilabeteotan lepo bete da taberna barrua eta kanpoaldea han egindako kontzertuak jarraitzeko. Pettik egin zuen lehena 2010a bukatu aurretik. Haren ondoren etorri dira Mara, Sorkun, Airean, Boni Offogo, Txuleton's, Kepa Zelaia eta Ander Etxaniz, Ruper, Quimi Portet, Mursego eta Jabier Mugurutza. Luxuzko musikariak.