Juan Karlos Irizar:"Aizkorpeko herriei eta ermitei eskaini diet sentimenduz egindako disko hau"

Maider Arregi 2011ko apirilaren 11

Zegama, Zerain, Idiazabal, Segura eta Mutiloari, Aizkorriko puntatik ikusten diren herriei eskaini die 'Aizkorriko ataria' izeneko lana Juan Carlos Irizarrek. Zortziko erritmoa duten 18 abestik osatzen dute lana. 1981ean argitaratu zuen lehenengo diskoa eta musika bere bizitza dela kontatu digu musikari oñatiarrak. Hurrengo lana prestatzeko, barrualdetik kostaldera begira dagoela kontatu digu Irizarrek.

Herri bakoitzari doinu bat egin diozu zortziko erritmoan.
Bai; barrualdeko herriek xarma berezitasuna dute. Kostaldekoak baino indar handiagoa dute eta zortzikoaren indarra eman nahi izan diet. Geure erritmo tipikoa da. Horregatik, doinu ezberdina baina erritmo bera daukate abestiek.
Diferentea da disko hau.
Oso disko ezberdina da. Halako parajeetan ermita bat ikustea, esaterako, sekulakoa da! Inpresio, sentimendu intentsuak eragiten dizkit musika egiterakoan. Oso musika sentikorra da.
Mistizismo kutsua daukate disko honetako abestiek.
Kantuek historia bat daukate atzean. Berezia da eta nire musikan nabari egiten da hori. Mistizismoa dutela uste dut.
Iker Zubeldia bertsolariak idatzi ditu letrak.
Iker Zubeldiak bere xarma eman die abestiei. Artista hutsa da. Hark, bertsoak egitean, herri bakoitzaren bereizgarritasuna, puntu hori ematea lortu du. Egindako lanarekin gustura geratu gara biok. Oso ondo moldatu gara elkarrekin. Niretzako zoragarria izan da egindako lana. Zegamako ereserki berria egin dugu zortzikoan. Zubeldiak herri horiek ezagutzen ditu eta Zegamak daukan bereizgarritasun hori ematea lortu dugula uste dut.
Pentagrama eta guzti, Aizkorriko ermitatik bueltaren bat emango zenuen, ezta?
Bai, noski! Aizkorrira joaten nintzen bakoitzean beti pentsatu izan dut abesti bat egin behar niola Aizkorriri. Eta momentua orain dela ikusi dut. Goiko lasaitasuna eta edertasuna ikusgarria da benetan.
Mendi buelta bakoitzeko doinu ezberdin bat irteten zaizu?
Gorputza egunero ezberdin dago eta egia da sentsazioak ere beste era batera ikusten direla. Mendi buelta bakoitza doinu bat da. Nik ukitu erromantikoa eta intimista eman nahi izan diot.
Piano ezberdinak erabili dituzu.
Nik normalean piano akustikoa erabiltzen dut. Baina bi doinutarako, San Pedro eta San Adrianen kantuetarako piano elektrikoa sartu nahi izan dut. Izan ere, San Adriango koba ondoan ura sortzen da eta bertako sentsazioari bibrafonoa dagokio. San Pedrorekin berdin gertatzen da: bertako baselizan 95 urteko Joxe Alustitzarekin topo egin nuen eta egunero errezatzera joaten zela esan zidan. Istoriook entzunda, toki horiek tinbre goxoagoa eskatzen zutela ohartu nintzen; bibrafonoarena, alegia.
Orain itsasaldeko beste kolore batzuekin zabiltza, ezta?
Bai, itsasaldeko usaina, gatza asko gustatzen zait. Urtebete mendialdean egin dut eta orain olatuen alboan eseri eta musika egiten hasi naiz. Hurrengo lana kostaldekoendako izango da.

Bakea eta paisaiaren behatzeko modua

"Dagoeneko ia zenbatezina da Juan Carlos Irizarrek kaleratutako diskoen kopurua; langile nekaezina da oñatiarra. Inspirazio, lantalde eta bidelagunak lortuz, tematika desberdineko diskoak egiten ditu; oraingoa, Aizkorritik ikusten diren herriei eskainia. Pieza ia guztiek pianoa dute oinarri, jakina, eta asko ahots gabekoak dira, baina soinuek, haize-instrumentuek eta gitarrek lagundutakoak ere badira. Badaude folk malenkoniko ugari, sehaska-kantuak, abesbatzen indarra, ia balsera hurbiltzen den zortzikorik eta tex-mex ukitua duen kanturen bat ere. Beharbada Aizkorrin entzunda beste modu baten gozatuko nuke, baina 18 kantu asko dira eta bizitasun handiagoa eskatuko nuke!"   

Iker Barandiaran

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak