Guraso eta seme-alaben arteko harremanaz jardun duzu Oñatin.
Hori da. Saiatu naiz azaltzen zeintzuk diren gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak.
Gainera, nerabezaroa nolakoa izaten den azaltzen saiatu naiz eta baita komunikazioa edo nerabeekin nola berba egin behar den azaldu dut.
Orokorrean nolakoak izaten dira gurasoak eta nerabeen arteko harremanak?
Orokorrean onak izaten dira baina askotan falta izaten dira trebetasunak gurasoen aldetik.
Batzutan guraso eta seme-alaben arteko erlazioan eztabaidak sortzen dira eta eztabaida horiek gurasoen estresa eragiten dute. Guk proposatzen duguna da gurasoek trebetasunak ikastea. Trebetasun horien bitartez estresa gainditu eta arazoak modu positiboan konpontzea da asmoa.
Giro onean heztea ezinbestekoa da haurrak edo nerabeek oreka emozionala izan dezaten?
Bai, noski. Haur edo nerabeen emozioak eta sentimenduak entzutea ezinbestekoa da. Gero, noski, emozio horiei erantzun bat eman behar zaie. Emozioen gestioa ezinbestekoa da haurrak orekan hezteko.
Nola lortzen da giro on hori?
Ezinbestekoa da entzuten ikastea eta jakitea. Gainera jakin behar dugu ze elementuk eragiten duten gura seme-alabek modu batera edo bestera jokatzea. Baita, behar ez diren jarrerak zela hobetu daitezkeen, motibatzen. Jakin behar dugu zeintzuk diren arazoak konpontzen lagunduko diguten trebetasunak.
Hitzaldian pazientzia ez galtzeaz jardun duzu. Hori zaila izango da hainbat kasutan!
Bai, ez da samurra. Baina bide egokian egongo gara konturatzen garenean denbora beharrezkoa dela ikasteko, eta ikaste hori toleranteak izanda egiten dela konturatzen garenean. Ez gara larritu behar emaitzak ez direnean egokiak. Nahiko denbora eman behar diegu emaitza txikiak ikusi arte. Itxaroten ikasi behar dugu, eragozpenak onartuz. Hori da pazientzia on baten oinarria.
Haur baten heziketan, ze garai da garrantzitsuena; hau da, noiz finkatzen dira baloreak?
Oso txikitatik hasten dira haurrak gurasoek dauzkaten baloreak euren gain hartzen. Esan daiteke haurtzaroa oso garrantzitsua dela gerora izango ditugun baloreak finkatzeko.
Nerabezaroan beste ezaugarri bat ematen da: seme-alabek baloreak transmititzen diete unitate familiarrari. Hori gertatzen da bai eskolak eta baita lagunek ere garrantzi handia hartzen dutelako garai horretan.
Familia osoaren inplikazioa ezinbestekoa izango da haurra ondo hezteko. Ez da hala?
Noski. Gurasoen inplikazioa ezinbestekoa da haurrek heziketa harmoniatsua izan dezaten maila guztietan: familian, eskolan eta baita gizartean ere. Baina, seme-alaba bakoitzaren berezitasunak errespetatu egin behar dira.
Kontuan hartu behar dira baita ere seme-alaba bakoitzaren behar afektiboak, kognitiboa eta sozialak
Gurasoek noiz galtzen dute pazientzia gehien?
Familia estres kasuetan samurra da pazientzia galtzea eta horrelako egoerak askotan ematen dira familietan. Baina, esan daiteke, seme-alaba baten heziketan bi garai daudela aipatzekoak: lehenengo haurtzaroa eta nerabezaroa.
Eta, zer egin behar dute gurasoek pazientzia galtzen dutenean?
Ba, lehen esan bezala, haurrak motibatu behar dira. Gainera, gurasoek positiboan jokatu behar dute. Haurrei denbora eman behar zaie irakatsitakoak ikasteko, autoestimua estimulatu behar zaie eta baita erantzukizunak eman ere. Baina, batez ere komunikazio trebetasunak hobetu behar dira.
Nola jokatu behar dugu umea jasanezin dagoenean?
Lehenengo egin behar duguna da haserrearen oinarria zein den ezagutu. Hala, haurraren eboluzio garaia artatuko dugu, eta jarrera onak sortuko dizkiogu; baina, bide batez, jarrera txarrak ere zuzendu egin beharko dizkiogu.
Jokabide alternatiboak eskaini beharko dizkiegu seme-alabei euren heziketarako baliagarriak izan daitezen.
Zein da gurasoek izaten duten kezka nagusia?
Gurasoen kezka nagusia haserrealdi edo kasketei aurre nola egin eta desobedientziari nola aurre egin izaten da. Baita, ikasketak eta nerabezaroko komunikazio falta ere. Gainera kezka izaten dute bizitzan zehar har dezaketen ohitura txarrengatik ere.
Asko aldatu dira azkeneko urteetan heziketa modua eta baloreak?
Bai, aldatu dira baina orokorrean gizartea aldatu den erritmo eta orientazio berean aldatu dira heziketa ohiturak ere.
Horregatik, gizartearen ardura da haurren heziketan egin behar diren aldaketak zeintzuk diren identifikatzea eta aldaketa horiek ematea. Baita, lortu gura dugunaren araberako baloreak finkatzea ere
Nolako lanak egiten dituzue Baikara elkartean?
Gipuzkoako ikasleen gurasoen federazioa da Baikara. Eskola publikoaren hobekuntzan jarduten dugu, egitasmo ezberdinak antolatuz eta proposatuz. Gainera, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditugu; besteak beste, gurasoei formazioa ematen diegu, gaurkoa bezalako hitzaldiak antolatuz.