Orain dela bi urte osatu zuten Gogoratu Guran taldea Oñatin eta euren helburua da 36ko Gerrak Oñatin izan zituen ondorioak ezagutaraztea eta historia bera berreskuratzea. Horrela, bi urte hauetan dokumentazio lanetan jardun dute: 30 bat elkarrizketa egin dituzte eta artxiboetara ere jo dute: artxibo militarretara eta kartzeletara, adibidez.
Batutako informazio guztiarekin liburu bat argitaratzeko asmoa dute: Gerrako garrak Oñatin. Liburu horrek jasoko du 36ko Gerra denboran Oñatin eta oñatiarrei gertatutakoa.
Orain arte batu dituzten datuei esker, badakite adibidez, 400 oñatiar inguruk jardun zutela borrokan gerran eta aurkitu duten zerrenda baten arabera, 420 pertsona irten ziren Oñatitik ihesi gerra hasi zenean. Horretaz gain, zenbatu dute 114 oñatiar hil zirela gerran, eta horietatik 21 fusilatuak izan zirela.
36ko Gerrak ez zituen hildakoak bakarrik eragin, baina. Juan Ramon Garai Gogoratu Guran taldeko kideak esan digu liburuak oñatiarrek bizi izan zuten errepresioa ere azalduko duela. Horrela, hainbat emakumek jasan zituzten gehiegikeriak kontatuko ditu.
Laguntza eske
Aurten argitaratu nahi dute liburua, 75 urte bete direlako gerra hasi zenetik, baina liburua behar bezala osatzeko, gerran hil zirenen argazkiak behar dituzte Gogoratu Guran taldekoek. Horregatik, oñatiarrei laguntza eskatzen diete. Argazkiren bat edo informazioa duenari eurekin harremanetan jartzeko eskatzen diete: 678242031 telefono zenbakira deituta edo honako helbidera idatzita: garaibengoa@hotmail.com .