Soslaia |
|---|
| Oñatiarra jaiotzez, 60 urte ditu eta azken bostak Oñatiko alkatea izan da. Aurretik Lagun Aron egin zuen lan kooperatibista moduan. Merkataritza-peritu ikasketak egin zituen. Bi seme-alaba ditu, euren bikote-kideekin eta biloba txikia: Ekain. Ezkonduta dago |
EAJren programak bost ardatz nagusi ditu. Lehena pertsonak dira.
Bai, hala da. Oñatin jaio eta Oñatira bizitzera etorri direnen alde lan egingo dugu. Zintzotasunez, gardentasunez eta berdintasunez egingo dugu. Inor baztertu barik, giza balioetan oinarritutako lanarekin. Herritarrei zerbitzuak hurbilduko dizkiegu.
Bigarren ardatza da gizarte politika da.
Adinduak ingurukoen zaintzapean jarrai dezaten nahi dugu. Egoera larrian eta bazter egoeran daudenak babestuko ditugu, eta enpleguaren sorrera sustatuko dugu. EAJrendako oso inportantea da gizarte politika: lehentasunetako bat da.
Hondakin organikoak modu selektiboan jasotzearen alde egin duzue.
Bai, eta horixe da, hain justu ere, gure programaren hirugarren ardatza: ingurumena eta landa garapena. Bosgarren edukiontziaren alde egin dugu, eta lanean jarraituko dugu. Gainera, energia jasangarriak garatzeko ekintza plana abiaraziko dugu. Gure arduretako bat izango da landa-auzoen hobekuntzan lan egitea, eta nekazaritzan eta abeltzaintzan enplegu sorrera sustatzeagatik hobariak emango ditugu. Bestalde, herri inguruetako eremuetan oinezkoendako ibilbideak sendotuko ditugu, gerriko berdea sortuz. Ditugun ibilbide naturalak hobetuko ditugu: Zañartun argiteria aldatu genuen, eta orain, kilometroak eguneko ibilbidea txukunduko dugu.
Zein da laugarren ardatza?
Hirigintza eta mugikortasun iraunkorra. Bidegorri sarearekin jarraituko dugu. San Martingo parkea berritu eta indartuko dugu. Errekalde eta San Lorentzoko berrikuntzekin jarraituko dugu.. Gainera, umeendako bi jolasleku estali egingo ditugu.
Azken ardatzak hiru arlo batzen ditu: kultura, kirola eta turismoa.
Urrutxun atletismo pistari irtenbidea emango diogu. Egun, Aloñako atletek Zumarragan entrenatzen dute. Kiroldegiko tenis pistak estaliko ditugu. Gazteei zuzendutako gure irekien azterketa egingo dugu. Gainera, ETEOri zein erabilera eman diezaiokegun ikusteko ideia lehiaketa egingo dugu. Azkenik, turismoari dagokionean, plan estrategikoaren inguruko ekintzak antolatuko ditugu.
Zeintzuk dira Oñatik dituen premia nagusiak?
Herri barruan bizikleta txertatzea falta zaigu. Automobila alde batera uzteko joera hartu beharko genuke. Ez da erraza izango ohiturak aldatzea, baina ahaleginduko gara. Kontuan izan behar dugu automobilendako aparkalekuek beste gauza batzu egin ahal izateko espazioa kentzen dutela.
Zer da Oñatitik gehien gustatzen zaizuna?
Oñatik duen herri izaera. Oñatiarrok jakin izan dugu herri txiki euskaldun baten izaera mantentzen. Bestalde, azpimarratu gurako neuke, oñatiarrok oso zentzudunak garela. Udaletxera eskaerare bat egitera datozenek, zentzuz eskaerak egiten dituzte. Arrazoitutako eskaerak. Hori ere azpimarratuko nuke.
Eta, gutxien?
Herriko gune batzuetan arazo larria daukagu zarata eta hango bizilagunek atseden hartzeko duten eskubidearen artean. Kale batzuetan aisialdia eta atsedena uztartzeko zailtasun handiak ditugu.
Bost urte egin dituzu alkate. Ze proiekturekin geratzen zara?
Bidegorri sarea eta enplegua sortzeko plana.
Zergatik zaude politikan?
Kasualitatez. Beti ibili izan naiz ikastola eta euskara munduan. 1979an egin zidaten politikan sartzeko lehen gonbita. Ezezko borobila eman nuen. Esan nien ez nuela nire burua mundu horretan ikusten. 2003an zerrenda osatzeko konbentzitu ninduten: 14. lekuan. Baina, hara, 14 zinegotzi lortu genituen. Kargua hartu eta hurrengo egunean dimitzera etorri nintzen, eta geratu egin nintzen. Andoni Gartziak alkatetza utzi behar zuela- eta, nirekin egin zuten berba, eta hemen nago.
Zelako herria amesten dugu?
Orain arte izan dugu herri antolamendu berberarekin jarraitzea nahiko nuke. Eta herri txiki bat izaten: 11.000-12.000 biztanleko herri txiki bat izaten.
Alkate aukeratzen bazaituzte, zer da egingo duzun lehen gauza?
Aurreko agintaldian egindako bera: udal departamentuak antolatu.
Gertutik |
|---|
|
Herriko txokorik gustukoena: Turismo bulegoaren aurrean dagoen parkea, eta Aloña. Herritar bat: Asko. Pertsonaia historikoa: Teresa de Calcuta. Askotan egin dut negar harekin. Telebistako saio bat: Ciudadanos por el mundo. Sare sozialetan ibiltzen zara?: Ez. Irakurri duzun azken liburua: Bernardo Atxagaren Siete casas en Francia. Domekan hasi nuen. Egunkaririk erosten duzu?: Bai, Noticias de Gipuzkoa eta El Diario Vasco. Eta zeintzuk irakurtzen dituzu?: Aurreko biak. Interneten zertan ibiltzen zara?: Foru Aldundiko eta Gobernuko atarietan, eta bidaiak antolatzeko webgunetan. Ikusi duzun azken filma: Ez naiz zinemara joaten den horietakoa. Telebistan Erin Brokovich ikusi dut azkena. Abesti bat: Zalantza barik Benito Lertxundiren Itsasoari begira. Mania bat: Puntualtasuna. Beste batzuen zain egotea gorroto dut, eta ni neu berandu iristen banaiz, arduratuta egoten naiz. |