Iker Uson: "Arantzazu eta espiritualtasuna bereiztea ez da egun bateko kontua"

Mireia Bikuña 2011ko api. 6a, 02:00

Arantzazun lan egiten duten erakunde guztiak elkarrekin agertu ziren otsailaren 7an, Arantzazu egunero ari da oihukatzeko. Arantzazu espiritualtasuna baino "askoz gehiago" dela azpimarratu gura izan zuten. Ordutik, ekimenak elkarrekin antolatzen dituzte. Lehen hiruhilekoa pasa da, eta orain artekoaz galdetu diogu Arantzazu Gaur Fundazioko ordezkari Iker Usoni.

Neguko hiruhilekoa pasa da. Zer moduz joan da agenda bakarra egitearen ideia?
Ba, egia esan, nahiko ondo. Guretzat aurrerapauso inportantea izan da guztiok ados jarri, eta hiru hilean behin informazio triptiko bat kaleratzea. Urtarriletik martxora artekoa bete dugu, eta pozik gaude.
Gu geu ere harritu egin gara zenbat ekitaldi antolatzen dugun ikusita. Orain arte, nork bere kontura egiten zuen lan, eta asko, gainera. Baina ekintza guztiak batera ikustean konturatu gara benetan zenbateraino heltzen garen.

Txokolate dastatzea egin zenuten Gandiaga Topagunean. Ez da ohiko tokia horretarako.
Egia da. Oñatiko Txokolateixiak eta Gorrotxategi enpresak postua ipini zuten Topagunearen sarreran, eta erantzuna nahiko ona izan zen.
Dena den, guk antolatutako ekintzetara datozen guztiak –Topagunera, Baketik zentrora, hotelera, basilikara...– itzultzen badira, aurrerapauso bat da guretako. Ahoz ahoko publizitatea doakoa da, eta oso beharrezkoa.

Neguko tripitikoa bete ondoren, udaberrikoa ipiniko duzue herritarren eskura.
Aurreratzeko moduan gaude apirilaren 10ean mendi irteera egingo dugula Arantzazuko Adiskideak taldearekin; eta hilaren 30ean sagardo dastatzea. Bestalde, apirilaren 9an Gipuzkoako Mendi Federazioak kongresua egingo du Gandiagan eta 16an urteroko bakearen aldeko martxa egingo dugu. Dena den, agenda osoa daukazue www.arantzazu.org atarian. Udaberriko triptikoak bestelako tokietara eramango ditugu: hoteletara, ostatuetara, turismo bulegoetara, hiriburuetako informazio puntuetara... Herritar guztiengana heldu gurako genuke.

Urtaro bakoitza kolore eta egunaren zati batekin lotu duzue. Zergatik?
Arantzazuk dituen ikuspegi eta alderdi ezberdinei garrantzi bera emateko. Neguan eguerdia eta gastronomia izan dira hizpide, eta udaberrian goiza eta natura. Udan gaua eta espiritualtasuna izango dira nagusi eta udazkenean, arratsaldea eta kultura.

Arantzazu biziberritzeko estrategia hartu duzue. Indarrak batu dituzue. Zeintzuk dira helburu nagusiak?
Bi helburu nagusirekin batu ginen: alde batetik, jarduera guztien programazioa bateratzea eta hiru hilean behin argitaratzea; eta, beste alde batetik, Arantzazu bisitatzeko gonbita egitea. Guregana datozenek urtaro bakoitzaren begirada eta ñabardura ezberdinez bizi izateko aukera izatea gurako genuke.

Arantzazun diharduzuen erakundeak elkarrekin agertu zineten otsailaren 7an, Arantzazu egunero ari da oihukatzeko. Zergatik?
Gizaker enpresak egindako inkesta baten emaitzak agerian utzi zigun euskal gizartearen, hedabideen, iritzi publikoaren, enpresen, GKEen, elkarteen, unibertsitateen, erakundeen eta beste hainbat agenteren gehiengoak ez duela Arantzazun gertatzen den horretan parte hartzen, Arantzazun gertatzen den horren berririk ez duelako.
Bestalde, konturatu ginen guk antolatutako ekintza asko gainjarri egiten zirela: egun berean edo ordu berean antolatzen genituen. Orduan pentsatu genuen elkarrekin lan egin behar genuela agenda bakarra egiteko, eta Arantzazuren gaineko informazioa ahalik eta gehien zabaldu behar genuela. Horretan dihardugu, eta, oraingoz, pozik gaude.

Udaberria eta uda dira turistak erakartzeko sasoi onenak.
Eta hori baliatu gura dugu. Neguko agendarekin zailena egin dugu, hastea. Orain ikusi beharko dugu nolako erantzuna dugun.
Turismoarendako gainerako lekuen antzera, Arantzazun ere  jende gehien eguraldi onarekin dator. Euren jatorria ere aldatu egiten da: uda partean Espainiako Estatutik datoz; batez ere, katalanak eta madrildarrak. Neguan eta udazkenean etxekoak dira nagusi: debagoiendarrak eta euskaldunak.

Arantzazu eta espiritualtasuna eskutik helduta egon dira urte askoan. Ikuspegi hori aldatzea zaila izango da, ezta?
Bai, oso zaila da. Hori aldatzea ez da egun bateko kontua, baina horretan dihardugu. Gure bailarakoek eta inguruko herrietakoek badakite nolako bilakera izan duen Arantzazuk azken hamarkadan; ez bakarrik estetikoki. Baina hemendik kanpo duten ikuspegia bestelakoa da. Turistekin lan egiten duten operadoreek turismo erlijiosoaren barruan sartzen dute Arantzazu. Loiolaren eta Zumarragako Antiguarekin saltzen dute.
Guk esaten diegu erlijioa baino askoz gehiago dela: natura, mendia, gastronomia, parke naturalak... Apurka-apurka lortuko dugu ikuspegi hori aldatzea.

Arantzazuko eskaintza adin tarte guztietara heltzen da?
Ia guztietara. Gure gabezia handiena da 35-45 urte arteko tartea. Gazteekin eta umeekin lan egiten dute Baketik zentroko antzerki forumean. Ikastetxeak datoz hona antzerkia lantzera, baina bazkaldu hemen egiten dute, eta gero Pello Zabalak Arantzazuko historia kontatzen die. Etxeko txikienengana heltzen bagara, amua bota dugu. Akaso Arantzazun ikusi dutena etxean kontatu ondoren, euren guraso edo lagunek izango dute guregana etortzeko gogoa.
Nagusiekin ez dugu arazorik. Eurek erlijioarekin eta espiritualtasunarekin lotzen dute Arantzazu. Horrela izan da orain arte, eta horrela izango da aurrerantzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak