J&J:"Mundu osora zabaldu dut nire musika Interneten, edonoren esku egoteko"

Maider Arregi 2011ko apirilaren 4a

Julian Hernandez Julius eskarmentudun musikaria da. 18 urte daramatza musikan. 16 urterekin Lagash heavy taldean hasi zuen ibilbidea, baxu-jotzaile. Autoekoizten duen proiektu batean dago buru-belarri. Ezinegona eta irudimena askatzeko Todo para tí izeneko proiektuan murgilduta ikusi dugu oñatiarra.


Heavytik rock doinuetara bidaiatu duzu oraingoan.
Lagashen ibilbidean atseden hartzea erabaki nuen eta J&J proiektuan murgildu naiz nire ezinegona eta irudimena askatzeko. Proiektu hau istripuan hil zen lehengusu Juananen omenez egin dut, besteak beste. Horregatik da J&J (Julius eta Juanan). Orain egiten dudana rockeroagoa da; ez dauka zerikusirik lehen egindako heavy teknikoaz.
Todo para tí... zer da zuretzako dena?
Singleari izen hori jarri nahi izan diot jendearengana zuzenean iristeko modua esaldia dela iruditzen zaidalako. Azalaren diseinua ere oso zuzena da, azaltzen den begirada jendeari zuzenduta dago-eta. Egin dudan guztia zuendako, jaso nahi duenarendako eginda dago.
Chica de miel… zein da?
Abesti hori harreman gazte batean dago oinarrituta. Nerabezaroko erlazio baten istorioa kontatzen dut. Hasieran nolakoa den harreman gazte bat eta nola eramaten duten bi gaztek. Kaleratu dudan singlearen bigarren abestia, Quiero, harreman heldu batean oinarritzen da, ordea. Egindako letra eta musikaren bitartez, nire ikuspuntua azaltzen dut, ona edo txarra den epaitu gabe.
Eta letrekin jarraituz, harto de todo diozu abesti horretan.
Gaztetan harremanak hasieran oso politak dira, dena doa ondo. Baina, heltzean, haziz goazen  momentuan gauzak aldatzen dira. Jendea ezagutzen duzu, egoera ezberdinak bizi izaten dituzu eta bizitzak buelta asko ematen dituela konturatzen zara.
Zer da Internet zuretzako?
Niretzako, mundu guztira eta jende askorengana heltzeko tresna, bitartekari bat da Internet. Nire musika Japonian, Argentinan… edonon entzun daiteke, eta hori ikaragarria da! www.myspace.com/julius8juanan helbidean nire singlea, Todo para tí, doan deskarga daiteke. Bertan, Lagashen jarraitzaileei eta lagundu diguten guztiei ere nire esker ona azaldu nahi izan diet. Lagasheko zenbait abestirekin bilduma pertsonal bat egin dut eta sarean dago; nahi duenarendako eskuragarri ipini dut.
Poeta zara!
Bueno, musikari guztiek dute poeta baten zatitxo bat barruan. Nor bere neurrian poeta, artista da. Bizitzan ikusten dudana kontatzen dut.
Ze proiektu dituzu orain esku artean?
Nire asmoa da singleak ateratzen joatea eta sarean zintzilikatzea.Ez dut etekinik atera nahi honekin; eta zuzeneko kontzerturik ere ez dut emango, oraingoz. Beste abesti bat prestatzen ere banabil. Era horretan, singleak argitaratuz, igarriko da geldirik ez nagoela musikan. Europako herrialde askotan horrela egiten dute lan musika talde askok.

Melodiaren eta kalekoa izatearen gertutasuna

"Lagash eta beste talde batzuetan luzaroan ibilitako Juliusen proiektua da hau, Juananen omenez sortutakoa. Oraindik diskorik kaleratu ez badu ere, Interneten bi kantu jarri ditu, edonork jaisteko modukoak; horregatik (*) dauka hain iraupen laburra. Heavy klasikoa eta heavy-rocka haren iparra izan diren arren, oraingoan rock melodikoa eta rock urbanoa egiten dihardu, gazteleraz. Chica de miel kantuak kutsu epiko handia dauka, eta bateria ere heavy samarra da, baina Parabellum edo Commando 9 mm-ren melodiak gogora ekarri dizkit, punk-rock melodikoenaren barruan. Quiero abestiak, berriz, rock urbanoaren traza handiagoa hartzen du, eta abesteko eran ez dago heavytik urrun".

Iker Barandiaran

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak