Auzotarrak bat eginda inauguratu dute Aitzabal auzo-etxea

Maider Arregi 2011ko apirilaren 2a

Ekitaldi jendetsua izan da; 150 lagun inguru izan da Kortakogainen egin duten Aitzabal auzo-etxearen inaugurazioan. Lourdes Idoiaga Oñatiko alkateak, Telesforo Zuriarrain Frantziskotarren Gipuzkoako ordezkariak eta Jabier Arregik Arantzazuko alkateak egin dute zinta mozketa. Guztiek ere, auzoa ez hiltzeko egindako lana azpimarratu nahi izan dute.

Auzoa berpizteko egindako elkarlana, baloratzekoa izan dela esan du Lourdes Idoiaga alkateak. Frantziskotarren probintzialak, Telesforo Zuriarrainek, sinboloz eta ezaugarriz betetako parajea goraipatu nahi izan du. “Auzo-etxea leku esanguratsua honen sinboloa da”, gaineratu du Zuriarrainek. Eta auzotarrak nola ez pozik horrenbeste lan egin ostean. Ekitaldian izan dira ere Andoni Altuna Zubillagako alkatea, Aritz Galdos Murgiako alkatea eta Juan Jose Egaña Garibaiko alkatea. Hirurak bat datoz auzo-etxeak elkartzeko eta auzotarren arteko harremanak indartzeko bidea dela esatean. “Gazteek kalera joateko joera dute eta auzoa pixkanaka galtzen joateko arriskua dute. Auzo-etxeak auzoa indartzeko balio du”, azaldu du Altunak. “Ikaragarria izan da esfortzua eta lana. Sekulako meritua dauka. Murgian gertatu zen moduan, ia hutsetik hasi eta sekulako proiektua irten da”, nabarmendu nahi izan du Galdosek. “Auzotarren artean lana, batzarrak edo jaiak antolatzeak pertsonak, auzotarrak gehiago ezagutzen laguntzen du; baita inplikazioak ere”, gaineratu du Egañak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak