2010ean Donostian estreinatutako lana da Errautsak. Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek idatzitako elkarrizketekin osatutako lana da, eta taula gaineko zuzendaritzaz Simon Fuchs arduratu da. Santa Anako oholtza gainera sei aktore igoko dira: Ximun eta Manex Fuchs, Ander Lipus, Miren Gaztañaga, Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo.
Hainbat urte elkarren berri izan gabe igaro ondoren, sei protagonistak berriro ere elkartuko dira. 40 urte inguru dituzte orain, eta lagun baten hiletan elkartu dira. Hala, gau oso batez gaztaroko kontuak –sexua, droga eta rock-and-rolla– ekarriko dituzte gogora, garai hartako musikaz lagunduta (Kortatu, Delirium Tremens, Itoiz...).
Antzezlanak aurrera egin ahala, gaur egungo norberaren miseriak ere azaleratuko dituzte sei lagunek.
Eszenografia sinplea
Jose Pablo Arriagak egin du antzezlanaren eszenografia; horretarako, aizkora, hil-kutxa eta mozorro batzuk besterik ez du erabili. Hala, eszenografia sinple horrek lehen planora ekarri ditu antzezpenen indarra eta taldearen barne kohesioa.
Adituek antzerki taldeen estilo garaikide eta aurreratua nabarmendu dute. Gainera, agertokian ikusiko denak orain arte egin izan denarekin zerikusirik ez duela gaineratu dute. Aktoreek trebezia handiz uztartuko dituzte aitorpen kutunak, borroka pasarteak, amorruzko eztanda kolektiboak eta lagunarteko kantaldiak. Izan ere, kantuak dira antzezlan horren osagai nagusietako bat.
Hainbat euskalki eta hizkera
Antzezlanak duen berezitasuna, musikaz gain, hainbat euskalki eta hizkera josi izana da. Taula gainean jardungo duen koadrilan, zuberera, bizkaiera, gipuzkera eta lapurtera berba egiten da. Egunerokoan zaila da horrelako koadrilak aurkitzea. Hala, nork bere euskalkian jarduteak sinesgarritasuna ematen die pertsonaiei; izan ere, ikusleek gutxienez euskalki bat menderatzen dute eta modu horretan badute ardatz bat segitzeko.
Donostian saria jaso zutenean Ximun Fuchs zuzendariak azaldu zuen horrelako koadrilak, euskara ezberdinak uztartzen dituztenak, Iparraldean izaten direla, "errefuxiatuak direla-eta".
Gu nor gara?
Iturriaga eta Elortza "gu nor gara?" galderari erantzuten saiatu dira antzezlanean; 70eko hamarkadan jaiotakoen istorioak azaltzen dituzte. Bada, domekan, aukera interesgarria izango da hain kritika onak jaso dituen antzezlanaz gozatzeko.