Arantzazura heldu baino lehen, Kortakoagain aldean ikusten da eraikin berria, errepidetik. Solairu bakarreko eraikina da. Jangela, sukaldea, komuna eta gelak ditu. Kolore grisa eta gorria dira nagusi. Jangelan alderik alde zabaltzen den beiratea eta tximinia ipini dituzte.
Gainera, Arantzazu auzoko baserrien argazkiekin horma-irudia egin dute. Auzoko mapa ere ipini dute, eta, iraganaren oroigarri moduan, aurreko auzo-etxearen argazkia ere bai. "1898a ezkero, Arantzazuko auzo-eskola egun aparkalekua dagoen tokian zegoen. Bi solairu zituen: behean, eskola, sukaldea eta komuna; eta goian, bi logela, sukaldea eta komuna. Bigarren solairu hark balio zuen baserriren batek su hartzen zuenean, eraberritu bitartean hara bizi izatera joateko. 1961ean, autoen aparkalekua egiteko enbarazu zenez, bota egin zuten. Horregatik ipini dugu orduko argazkia", kontatu digu.
Auzo-lanean egindakoa
Lan handia egin dute Arantzazuko auzo-etxeko bazkideek: lan ordutegietatik kanpo, eta beste ekintza batzuei denbora kenduta. Euren konpromisoa ezinbestekoa izan da proiektuak aurrera egiteko. "Lan gehiena auzo-lanean egin dugu, hori zelako gure helburuetako bat. Zortzi laguneko taldea ibili gara, eta eskerrak eman behar dizkiet, hartutako konpromisoa bete egin dutelako", dio Arregik.
Auzo-etxea dotore ipini dute barrutik, eta baita kanpotik ere. Sarreraren alde bietako zelaietan askotariko zuhaitzak landatu dituzte: haritzak, kiniebroak... Batzuk Aloñatik ekarri dituzte, eta beste batzuk Italiatik.