Bertso-afaria Oinarri elkartean egingo dute, 20:30ean. Oñatiko eta Nafarroako bertsolariak egongo dira aurrez aurre: Urko Egaña, Beñat Alberdi eta Josu Igartua izango dira txantxikuarren ordezkariak eta Julen Zelaieta, Oskar Estanga eta Aitor Saragueta nafarrak. Gai-jartzaile lanetan Oñatiko Bertso Eskolako kideek jardungo dute. Bestalde, apirilaren 10eko bertso saioan Santa Ana antzokiko oholtzara igoko dira Beñat Alberdi, Andoni Goitia, Josu Igartua, Urko Egaña, Aitor Sarriegi eta Beñat Gaztelumendi. Datozen egunotan jarriko dituzte sarrerak salgai, bost eurotan. Bertso saioa 19:00etan hasiko dute.
Final-laurdenak Oñatin
Gipuzkoako bertsolari txapelketa maiatzean abiaraziko dute. 76 bertsolarik eman dute izena txapelketarako; tartean, Urko Egaña, Beñat Alberdi, Josu Igartua eta Andoni Goitia oñatiarrek. Gainera, 15 gai-jartzaile ibiliko dira, Egoitz Aizpuru kasu.
Maiatzean hasita, hainbat kanporaketa egingo dituzte Gipuzkoako herri txikietan. Hori horrela,txapelketako kanporaketa erabakigarrienak udazkenean jokatuko dituzte. Ordurako bertsolari onenak egongo dira lehian.
Kanporaketa horietako data batzuk zehaztuta dituzte antolatzaileek. Hori horrela, final-laurdenetako saioetako bat Oñatin jokatzeko baimena eskatu du Bertsozale Elkarteak; hain justu ere, urriaren 22an, zapatua, egingo dute kanporaketetako bat Zubikoa kiroldegiko kantxa berdean. Punta-puntako bertsolariak entzuteko aukera.