Ekainaren 4a. 1967ko kintoen irteera Nafarroara. Guztia prest?
Jatetxean tokia hartu dugu, baina hainbat kontu ditugu lotzeko. Asmoa da Nafarroara joatea. Señorio de Bertiz ikusi eta Elizondon bazkaldu. Oñatira bueltan, afaria elkarteren baten egin gura genuke. Oraindik ez dugu deialdirik egin, baina, hau irakurri orduko, askok ekainaren 4a gorriz markatuko dute agendan.
Egun bateko irteera egingo duzue.
50 urte bete genituenean bidaia egin genuen Donibane Lohizune eta Hondarribira. 55 urte betetzean Bizkaira egin genuen, eta oraingoa Nafarroara. Egia esan, oso ondo ibili izan gara.
Ez dituzue kinto bazkariak egiten?
Bai, horiek ere egiten ditugu. Baina bost urtean behin irteera antolatzen dugu. Oraingoan ere, Gardoki etorriko da gurekin bazkalostea girotzeko.
Oraingoan ere antolatze lanetan...
Egia esan, norbaitek egin behar du, eta nik gustura dihardut. Argiñanoren perrexila modukoa naiz: saltsatan ibiltzea atsegin dut.
Txistuarekin joango zara.
Ez [Barre]. Halakoetan, etxean uzten dut.
Dena den, jotzen diharduzu. Zapatuan Arantzazuko auzo-etxearen inaugurazioan egon zinen.
Oso zaila da txistua alde batera uztea. Musika-tresna maite dugunok ezin dugu baztertu.
Lanean balioezintasuna eman zizutenean, txistua utzi behar zenuela esan zizuten. Kolpe gogorra izan zen?
Bai. Badira 12 bat urte lana utzi behar izan nuela. Balioezintasuna eman zidatenean, txistua utzi beharko nuela esan zidaten. Nik plaza nuen Udal Txistulari Bandan. Hori horrela, funtzionarioa nintzen. Noski, balioezintasuna eta funtzionario plaza ez ziren bateragarriak.
Baina tribunalekoek esan zidaten Udal Txistulari Banda utzi arren, ofizialak ez ziren ekitaldietan txistua jotzeko aukera nuela. Hori entzutean arnasa lasai hartu nuen. Ordutik ez dut txistua utzi, eta ekitaldi mordoa daukat: ezkontzak, inaugurazio ekitaldiak...
Txistu Eskola sortu zenuen Kale Zaharrean.
Higinio Iriartek jostundegi bat zuen Kale Zaharrean. Han hasi nintzen txistua jotzen. Ondoren, Txistu Eskola jarri genuen martxan Higiniok eta biok. Ordutik, txistuak bilakaera handia izan du. Askoren ustez, txistua da txorimaloen kalejira alaitzeko instrumentua. Baina hori baino askoz gehiago da.
Oñatz dantza taldearen sortzaileetako bat zaitugu.
Sortzaile taldetik Jesus Irizar Txutxin-ek eta biok jarraitzen dugu lanean. Oñatz sortu genuen kultura talde moduan: abesbatza zegoen, eta mendi taldea ere.
Txutxin-ek gogoan izan zintuen egindako lanarengatik omenaldia jaso zuenean.
Elkarrekin lan handia egin dugu, eta oraindik lanean dihardugu. Haren hitzak asko eskertzen ditut.
Astean behin bost bilobekin bazkaltzen duzue emazteak eta biok.
Zoramena izaten da. Egunero bi mutikoak etortzen dira, eta astean behin hiru neskatilak. Bazkaltzeko ordua zoramena izaten da, baina oso gustura egiten dugu. Goizean ere ikastolatik pare bat buelta egiten ditut bilobekin.
Agenda oso betea ei daukazu.
Hainbat saltsa ditut, familia eta bilobak. Gimnasiora joateko ere ordu bila ibiltzen naiz. Irakurtzeko zaletasuna daukat, eta horretarako ere larri ibiltzen naiz. Gauetan irakurtzen dut.
Eta emaztea?
Ezin naiz kexatu, oso ondo moldatzen gara. Beti daukat denbora harekin egoteko. Inoiz ez dit trabarik ipini txistuarekin hara eta hona ibiltzeko.