Arantzazuko auzotarrek auzolanean eraiki dute euren auzo-etxea. Orain dela urtebete pasatxo hasi ziren lanean eta ia dena dute prest zapatuko inauguraziorako. Lan asko egin dute Arantzazuarrek eta Javier Arregi Arantzazuko auzo alkatea pozik azaldu da emaitzarekin.
Javier Arregik gaineratu digu beharrezkoa ikusten duela auzoan auzo-etxea izatea, izan ere, auzotarrak biltzeko toki bat izatea ezinbestekoa da bere esanetan. Eta auzotarrek eurek ere proiektua gogoz hartu dutela dio; 56 bazkide dira guztira. Arantzazun bizi direnak eta haien oinordekoak dira bazkideak.
48 urtean egon dira elkartzeko eta auzoko gaiak aztertzeko lokal barik arantzazuarrak. Garai batean auzo-eskola zuten, baina 1961ean bota egin zuten, aparkalekua egiteko. Orain urteetako hutsunearen ostean, izango dute non bildu.
Kanpotik zuri kolorekoa da auzo-etxea eta solairu bakarra du. Bertan jangela, sukaldea, komuna eta gelak ditu. Jangelan beiratea jarri dute, eta, ondorioz, oso argitsua da. Inpaktu bisuala ahalik eta txikiena izan dadin, teilatuan, belarra jarriko dute. Arantzazura heldu baino lehen, Kortakogain aldean kokatzen da eraikina eta auzo-bazkariak, afariak eta bilerak egiteko erabiliko dute.
Zapatuan, goizeko 11:30ean izango da inaugurazio ekitaldia.