Badira urte batzuk Oñatiko Elkar Hezi ikastetxea Holandako Mill Hill ikastetxearekin harremanetan dela. “Urte hauetan zehar gogor lan egin eta azkenean haziak eman du bere fruitua”, adierazi dute ikastetxetik. Urrian Herbeheretako 12 ikasle eta 2 irakasle Oñatira etorri ziren. Datorren astean, martxoaren 27tik apirilaren 3ra bitartean Oñatiarrak hartuko dituzte Goirle herrian.
“Aurtengo gure proiektuaren muina herrialde bien arteko desberdintasun eta berdintasun kulturalak eta sozialak zehaztea izango da”, adierazi dute Elkar Hezitik. “Hala nola, Europar Batasunaren barnean bi herrialdeok duten eragina, bai eta beste herrialdeek beraiengan duten eragina”. Horretarako, holandarrek eta euskaldunek hainbat ekintza prestatu dituzte.
Goirle herrian egingo duten egonaldian oñatiarrek hainbat ekintza egingo dituzte, tartean nederlandera eskolak jasoko dituzte eta proiektua amaitu beharko dute. Proiektuari amaiera emateko, ikasleek Goirleko udaletxean eta bertako alkatearen eta zinegotzien aurrean lana azaldu eta defendatu beharko dute.