Domeka eguerdiko mokadutxoa Arrasateko Corazón de Encina extremadurarren elkartekoen eskutik jaso zuten oñatiarrek. Ohi duten moduan eta ohitura onak galtzeke, migak eta pincho morunoak, eta Extremadurako ardo, gazta eta urdaiazpikoa banatu zituzten.
Bazkalordura arte izan ziren herriko plazan elkarteko hamar bat lagun txandaka, goizeko 11:00etan hasita, eta ez zuten etenik izan jendearen joan-etorriarengatik. Bertaratzen zirenendako ogi zakukadak migetarako eta 40 kilo haragi eraman zituzten eta herritarrek gustura probatu zituzten extremadurako jakiak.
Antolatzaileak eta herritarrak, pozik
Corazón de Encina elkartekoak orain dela sei urte izan ziren azken aldiz Oñatin eta aurtengoa hirugarren aldia izan da. Antolatzaileen esanetan, Oñatin beti esku-zabalik eta giro bikainarekin egin ohi diete harrera, atzo bezala, eta oso pozik gelditu ziren herritarrak ere jaki extremadurarren festan.