Nolakoa da islamaren presentzia gure gizartean?
Marokotik etorri diren etorkinak Euskal Herrian dauden etorkinen bosgarren talde indartsuena, jendetsuena da. Asko kanpotik etorri dira, baina beste asko hemen jaio dira eta erlijio musulmana praktikatzen dute.
Islamari buruz berba egiten dugunean, gai gatazkatsu bati buruz berba egiten gaudela dirudi.
Hala da. Are gehiago Irailaren 11ko eta Martxoaren 11ko atentatuak kontuan hartzen baditugu. Horiek aintzat hartzen baditugu, askok ikusten dute islama gai gatazkatsu edo tabu moduan.
Ikuspegiren (Immigrazioaren Euskal Behatokia) datuak aztertzen baditugu, garbi geratzen da euskal gizarteak okerren baloratzen duen kolektiboa musulmanena dela.
Zergatik dela uste duzu?
Nire ustez, gaia sakon ezagutzen ez dugulako da. Ez dugu islama ezagutzen, ez dugu musulmanen mundua ezagutzen, baina guztiok gara gai iritzia emateko edo kritikak egiteko.
Nola gaindi daiteke ezjakintasun hori?
Gaurko moduko hitzaldien bidez, euren gaineko mahai-inguruak antolatuz... Seguru asko, konturatuko ginateke komunean gauza asko ditugula.
Baina hausnarketa askoz zabalagoa da. Hitzaldiak eta mahai-inguruak oso ondo daude, baina erakunde guztien parte-hartzea ezinbestekoa da. Udalak, diputazioak, gobernuak... Guztiek jarri behar dute euren hazia arazo hau bukatzeko.
Nolako gizarte mota nahi dugun planteatzen dutenean edo dugunean, kontuan hartu behar dugu etorkinak, eta kasu honetan musulmanak, gure gizarteko kide direla. Euren integrazioa ezinbestekoa da.
Nik esaten badut gizarte integratua behar dugula, eta ondokoak galdetzen badu: "Zer da hori?". Arazo larria eta arriskutsua dugu orduan.
Hausnarketa potoloa eskatzen duen gaia da?
Bai. Lehen esan dudan moduan, udalek, politikariek, erakundeek, gizarteak, herritarrok... Guztiok parte hartu behar dugu; bestela, ezinezkoa izango da.
Garbi eduki behar dugu etorkizunean guk gura dugun gizartea edukiko dugula.
Zenbat musulman bizi dira Euskal Herrian?
Ez daukat datu zehatzik. Jakin dezakegu zenbat pertsona etorri diren kanpotik, baina horiei gehitu behar zaizkie hemen jaio arren erlijio hori praktikatzen dutenak.
Dena den, badakigu geroz eta gehiago direla, besteak beste, meskitak egiteko baimen eskaera askoz gehiago daudela, edo ramadanaren bukaera ospatzeko baimenak eskatzen dituztela.
Espainian bi milioi musulman bizi dira. Baina ez dago erregistrorik datu horiek jasotzeko.
Islam hitza entzuten dugunean, emakumea eta beloa etortzen zaizkigu burura. Zergatik?
Bai, oraindik bai. Pentsatu behar duguna da zergatik etortzen zaizkigun burura bi kontzeptu horiek. Emakume etorkinak arazo moduan ikusten ditugu. Gizonezkoak lan bila etortzen dira Marokotik, eta haien atzetik datoz emakumeak. Euskal gizartean immigrazioa onartu dugu pentsatuz guk nahi ez ditugun lanak egitera datozela, gure bizitzaren zati bat betetzera datozela, guk ditugun zerbitzuez baliatzera... Eta hori ez zaie askori gustatu.
Gurean emakumearekin eta beloarekin egon diren arazo gehienak hezkuntza alorrean sortu dira. Dena den, esango nuke emakume gehienak ondo onartu ditugula, eta ondo integratu direla.
Zenbaterainoko presentzia dute emakume musulmanek eremu publikoetan?
Oso eskasa. Orain dela gutxi ospatu dugu Emakumeen Nazioarteko Eguna eta ozen aldarrikatu ditugu gure eskubideak. Kexu agertu gara emakume gutxi daudelako erabakiak hartzen diren karguetan, eta gizonezkoek baino gutxiago kobratzen dugula. Baina etxetik kanpo lan egiten dugun emakumeak garelako ez da inolako arazorik egoten. Dena den, garbi eduki behar dugu gutako askok etxetik kanpo lan egiteko aukera dugula, gure etxean beste pertsona batzuek lan egiten dutelako. Gehienetan, etorkinak, eta leku askotan, musulmanak. Eta gure etxean egiten dute lan, askotan, lan-baldintza eskasekin. Eta guk, bitartean, gure eskubideen alde borrokatzen dihardugu. Horregatik guztiagatik diot ez dela erraza guztiak ados ipintzea eta guztiondako gustagarria den irtenbidea topatzea. Lan handia dugu aurretik.
Guk eta emakume musulmanek arazo bera dugu. Baina nola arduratuko gara euren eskubideez, gureen alde borrokan jarraitzen badugu?
Nola egin diezaiokegu aurre arazo honi?
Ez da erraza. Behin eta berriz esan dut alor askoren hausnarketa sakona eskatzen duela.
Gainera, islamaz eta musulmanez arduratzen gara hedabideen bidez jakiten dugunean eskolaren batean beloa daraman neska batekin arazoak daudela, edo musulmanek atentatua egin dutela.
Arazoa hor dago, eta noizean behin ikerketak edo hitzaldiak egiten ditugunok jarraipena egiten diogu. Baina hedabideetan, arazoak daudenean bakarrik egiten dute berba horren gainean.
Etorkizuna beltza da?
Kontrakoa esatea gustatuko litzaidake. Baina beltza ez bada, gris oso-oso iluna dela esango nuke. Akaso, ez da horrela izango, baina...