Zapatuko gaipenarekin Igoera faseko bigarren postua lortu du Sustrai Aloña Mendik

Ander Monedero 2011ko martxoaren 20a

Partidu orekatua izan zen baina, azkenean, sailkapeneko bigarrena mendenderatzea lortu zuen (78-71). Talde oñatiarrak etxean duen sendotasunari esker, mailaz igotzeko gai den taldea dela erakutsi du.

Denboraldia bukatzeko zazpi partidu baino ez dira geratzen eta Sustrai Aloñak zapatuan Lizuan.com taldearen aurka lortutako garaipenari esker sailkapeneko bigarren postua lortu du. Partidu gogorra izan zen zapatukoa, izan ere, partidua bukatu arte talde azpeitiarra zen Igoera Faseko sailkapeneko bigarrena. Hori bai, Xabier Igartuaren mutilek hiru urte daramate etxean partidurik galdu gabe eta nahiz eta batzuetan ondo ez jokatu, partiduak irabazten jakin dute.

Horrelakoa izan zen zapatuko partida. Bi taldeek errespetu handiarekin irten ziren Zubikoako kantxara eta nahiz eta lehenengo laurdenean Lizuan.com taldeak markagailuan aurre hartu, partida nahiko orekatua izan zen. Lehen laurden horretan, talde gorriko jokalariak ez ziren erasoan fin ibili baina egindako defentsa onari esker, aurkariak ez zion alde handirik atera.

Bigarren laurdenean, berriz, erasoa hobetu eta partidari buelta ematea lortu zuten. Hiruko jaurtiketa  hobetu zituen Aloñak eta atsedenaldirako markagailuan aurre hartu zion Aloña Mendik Lizuan.com taldeari.

Hirugarren laurden hasieran, talde oñatiarrak markagailuari buelta eman ostean, partidaren kontrola izango zirudien, baina ez zen horrela izan. Etxeko taldearen tentsio falta ondo aprobetxatu zuen talde azpeitiarra eta berriz ere, markagailuan aurre hartu zion Sustrai Aloñari. Hirugarren laurdenaren bukaeran, hamaika puntuko aldea zuen Lizuan.com taldeak.

Baina saskibaloiak lau laurden ditu eta azkena sobratu zitzaien azpeitiarrei. Igartuaren mutilek, etxean duten bolada luzea kasualitatea ez dela erakutsi zuten. Talde azpeitiarrari aurrean estutu eta partidua berdintzea lortu zuten. Horrek kanpoko taldean urduritasuna sortu zuten eta etxekoek markagailuan aurre hartzeko aprobetxatu zuten. Partidua bukatzeko minutu bat falta zenean zazpi puntuko aldea lortu zuen talde oñatiarrak eta horri eusteko ez zuen arazorik izan. Partiduaren azkeneko segundoak lasai pasatu zituen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak