Raf Baugh australiarra irabazle Oñatiko XX. Duatloian

Julen Iriondo 2011ko mar. 21a, 09:19

Lasterketa irabazteko beste faboritoetako bat zenak, Laurent Galinier frantziarrak –iaz bigarren–, utzi egin zuen proba korrika egin beharreko lehenengo saioan, zaintiratu bat izan zuelako. Bizikletako zatiaren ia erdira arte joan ziren elkarrekin Baugh eta Capoferri, baina Deskargako lehen maldetan frantziarrak atzean utzi zuen australiarra. Handik aurrera bien arteko aldeak gora eta gora egin zuen, ia hiru minutukoa izatera iritsi arte.

 

Korrika egin beharreko azken saioa ere eroso egin zuen Capoferrik, eta berak gurutzatu zuen aurrena helmuga, baina epaileek deskalifikatu egin zuten, bizikletako tartean ezkerreko erraila behin baino gehiagotan zapaldu zuelako (araudiak ez du baimentzen, bidea zirkulaziora irekita egoten delako). Horrela, Raf Baughi eman zioten lehenengo postua. Bigarren Jon Unanue izan zen eta hirugarren Patxi Urizar.

 

Emakumezkoetan Ainhoa Murua zarauztarra jaun eta jabe izan zen. Lasterketa osoa egin zuen aurrean, aurkarietatik urrun. Lau minutu atera zizkien bigarren izan zen Itsaso Leundari eta Maider Gaztañaga hirugarrenari. Oñatiko lasterketa distantzia motzeko duatloien Euskadiko Txapelketa ere izan zen, eta txapeletako bat Debagoienean geratu zen. Izan ere, 23 urtez azpikoen kategorian Antxintxika taldeko Mikel Mugika bergararra izan zen nagusi; Oñatiko taldeko Xabier Luis ere igo zen podiumera, hirugarren eginda.

 

400 parte hartzaile izan zituen Oñatiko duatloiak. Giro ederra lasterketan eta baita kale eta bide bazterretan ere, jende asko batu baitzen animuak ematen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak