Enpresagintza fakultatearen kultur ekimen berria gaur jarriko dute martxan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko martxoaren 18a

Oñatiko Enpresagintza Fakultatean kultura ekimen bat jarri dute martxan. 'No more boring fridays' du izena ekimenak; bestela esanda, 'Egubakoitz aspergarri gehiagorik ez'. Ikasle eta irakasle talde bat dago ekimen horren atzean. Asmoa da unibertsitatea gizarteari zabaltzea. Lehenengo ekintza, gaur, egubakoitza izango da: Josu Bergara abeslariak kontzertua eskainiko du.

Modu bitxian hartu du itxura ekimenak. "Ez da gauza programatua izan. Ikasleek ikas-bidaia egin gura zuten, eta dirua batzeko kontzerturen bat antolatzea erabaki zuten. Hala sortu da ekimena", azaldu du Amaia Aizpuruk, Enpresagintzako irakasle eta ekimeneko bultzatzaileak.

Ekintzak, egubakoitzetan

"Hasieran, behintzat, helburu xumeagoa izango du ekimenak", esan du Aizpuruk hitzorduak egubakoitz guztietan izango ote diren galdetuta. "Saiatuko gara hilean behin zerbait egiten", gaineratu du. Aurrera begira ikusten badute ideia asko dituztela eta jendeak interesa duela, ekimena zabaltzeko asmoa azaldu dute antolatzaileek.
Hainbat ideia dituztela azaldu dute: "Antzerkia, argazkilaritza... bidaiek ere interes handia pizten dute ikasleengan. Agian kirolariren bat ere ekarriko dugu". "Ideiak gauzatzen joan behar dugu eta ikasleek gauza izan behar dute kontaktuak egiteko. Eurek izan behar dute hau antolatzeko ardura", azaldu du Aizpuru irakasleak. Ikasleen artean taldetxo bat sortu dute. Haiek ikasleei galdetzen diete ea ze interes dituzten, eta, behin informazio hori dutenean, interes horiek gidatzen saiatzen dira.

Eraikin berriaren aukerak

Ekimena ez da Oñatin bakarrik egingo. "Irungo campusean beste taldetxo bat sortu da, MUgi Hadi! izena duena; ikasle talde hori ere gauza asko egiten dabil Irungo herriarekin eta Udalarekin. Azkenean, garrantzitsua da ikustea gazteek badituztela interesak eta horiek lortzeko mugitzen direla", dio Aizpuruk.
Ibarrako eraikin berrian egoteak ere herriarekiko hurbilago egotea eragin du. "Herria hurbilago daukagu eta eraikina ere bestearekin alderatuta hobeto dago eta aukera gehiago eskaintzen digu ekintzak antolatzeko orduan", diote. "Pentsatu genuen pena dela fakultatea erabiltzea ikasketak eta ikerketak bakarrik egiteko. Zergatik ez gizarteari zabaldu eta nolabait hain urrun ikusten den unibertsitatea herriari hurbildu?", gaineratu du Aizpuruk.
Ekimen berri horren asmoetako bat artista oñatiarrei lekutxo bat uztea da; hau da, herrian egon daitezkeen artisten lanekin erakusketak egitea. "Fakultatea espazio bizia izatea gura dugu, ez dadila mugatu eskolak ematera bakarrik. Kultura hainbat modutara zabal daiteke", gaineratu du Aizpuruk.

Emanaldiak doan izango dira

Kultura ekimenak gaur bertan hasiko dira: lehenengo kontzertua Josu Bergarak eskainiko du. Emanaldiari berari beste ukitu bat eman gura diotela dio Aizpuruk: "Saioa hasi aurretik elkarrizketatxo bat egingo diogu bere ibilbidea ezagutzeko. Esan behar da Bergarak modu bitxia erabili duela bere CDa ezagutzera emateko", dio. "Hala, erabili dituen marketin baliabideak azalduko ditu fakultatean bertan", dio. Gainera, saioa MU telebistaren bitartez ikusteko aukera egongo da, eta baita streaming bidez jarraitzeko ere.
Gaurko saioa 20:30ean izango da, fakultatean bertan. Mahaitxoak jarriko dituzte, giroa goxatzeko, eta kafea eskainiko dute. Emanaldi guztiak doan izango dira, ikasleei eta herritarrei zuzenduta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak