Gaurko lasterketa Euskadiko Txapelketarako baliagarria izan dadin antolatzaileek luzatu egin behar izan dute proba, korrikako bi saioak. Atletek 10 kilometro egingo dituzte korrika, 40 bizikletan, eta beste 5 korrika, eta hain zuzen, horregatik hasiko dute proba bestetan baino ordu erdi lehenago, 15:30ean.
"Parte-hartzea potentea izango da, baina potentea maiuskulekin", adierazi digu Mikel Larreak: "Eguaztenerako beteta genuen 400 atleten kupoa, eta aurtengo nobedadeetako bat Rafael Baugh australiarra izango da: "Mundu mailako atleta onenetako bat da. Hainbat hilabete Euskal Herrian egingo ditu, bertako proba batzuetan esku hartzen, eta konfirmatu digute zapatuan Oñatin izango dela".
Baugh da faboritoetako bat, baina baita azken urteotan Oñatin protagonista izan diren Nicolas Capoferri eta Laurent Galinier ere. Capoferri 2009an azkarrena izan zen, baina iaz azken orduan gaixotu eta ezin izan zen proban egon. Hala, Galinierrek erakustaldia eman zuen korrikako saioetan, baina Patxi Vila jaun eta jabe izan zen bizikletako saioan, eta frantziarra bigarren postuarekin konformatu zen. Igarriko da Vilaren hutsunea, berriro ere txirrindularitza profesionalera itzuli da-eta. Eurekin batera beste izen ilustre batzuk egongo dira: Felix Martinez kantabriarra, Urizar anaiak, Jon Arozena...
Emakumezkotan ere beste horrenbeste azpimarra dezakegu. 20 emakumezko egongo dira irteera puntuan, tartean Ainhoa Murua olinpikoa, Ana Casares –atletismotik dator–, edota txirrindularitza mundutik datozen Iratxe Landa, edota Saioa Olite. Eta eurekin batera, Oñatiko Triatloi Taldeko 15 lagun inguru –besteek antolatzaile lanak egin beharko dituzte, eta baita Antxintxika taldeko ordezkariak ere.
Erronkarin, Alex Altuna
Joan den astean ibarreko triatloi taldeko hainbat lasterkari nabarmendu ziren. Batetik, Erronkari Haraneko Neguko Triatloian Antxintxika Triatloi Taldeko Alex Altunak lan ederra egin zuen, gazte mailan lehenengoa izan zen-eta. Lasterketa espektakularrean, Isaban 5 kilometroko korrikaldia egin ostean, San Martingo Harriko mendatea igo behar izan zuten bizikleta gainean, eta han fondoko eskiekin 10 kilometroko zirkuitua bete.
Bestetik, Basaurin egin zuten esprint distantziako Euskadiko Txapelketarako proba baliagarria, eta maila absolutuan Antxintxikako Ander Agirre podiumera igo zen; 23 urtez azpikoetan, berriz, Oñatiko Triatloi Taldeko Xabier Luis ere podiumera igo zen.