Bi agintaldi egin zenuen zinegotzi. Oroitzapen onak dituzu?
Oroitzapen onak ditut. Lan asko egin genuen, baina giro ona genuen zinegotzien artean. Azpimarratuko nuke, batez ere, bigarren agintaldian, abian jarritako proiektu guztiak alderdi guztien adostasunarekin egin genituela. Kontuan hartu behar da orduan HBk zazpi zinegotzi zituela. Horrek erakusten du hartu-eman ona genuela.
Akaso, bigarren agintaldian asko lagundu zigun ETAren su-etenak. Agintaldia bukatu aurretik bertan behera utzi zuten, baina, bitartean, harmonia onean egin genuen lan.
Zinegotzi egon zinen urteren baten aurrekontuak aho batez onartu zenituzten.
Bai, hala da. Guztiak ados jarri ginen, eta baiezkoa eman genion aurrekontuari. Orduko hartan ezustea izan zen, ez zelako normala udalbatza eta oposizioa ados ipintzea. Guk, urte baten behintzat, lortu egin genuen.
Udal teknikarien lana azpimarratu gura duzu.
Azken finean, politikariak iragaitzaz gaude. Gure lana bukatzen dugunean, beste batzuk datoz. Baina teknikariak Udalean geratzen dira. Haiek dira lan handien egiten dutenak. Nik teknikari oso onak izan nituen alboan: German Meabe, Patxi Hipolito, Gerardo Eskartza... Eskerrik beroenak haiei. Dena den, politikariak dira azken erabakia hartzen dutenak.
Gaztedia batzordea zuek sortu zenuten.
Ordura arte Gaztedia eta Kirola batzorde berean zeuden. Ikusi genuen ez zela egokia, eta kultura taldeekin bilerak egin ondoren Gaztedia batzordea sortu genuen. Ordurako gaztelekua egina zegoen, eta guri egokitu zitzaigun barruko banaketa egitea.
Herriko Plaza oinezkoendako jarri zenuten. Proiektu handia izan zen.
Bai, hala da, eta egun Foru plazan dagoen giroa eta herritarrek ematen dioten erabilera ikusita, asmatu egin genuela esango nuke. Dena den, hasieran arazoak izan genituen: merkatariak ez zeuden oso ados, zirkulazioa aldatu egin behar genuen...
Arantzaren bat?
Ez. Akaso, gauza batzuk hobeto egin ahal genituen. Baina garbi daukat zinegotziak garela, eta ez ditugu mirariak egiten. Lan egiten dugu.
Agintaldian egon zineten artean Udalaren zorpetze maila izugarria zen.
24ko zorpetze maila zuen Udalak. Hori horrela, beti diruari begira egoten ginen. Kontu-hartzaileak markatzen zizkigun jarraitu beharreko pausoak. Asko ikasi genuen haiekin. Aurrekontuak egiterakoan zentzuz jokatzen ikasi genuen. Hori horrela, udalbatza utzi genuenean, zorpetze maila 14koa zen.
Senidetzeekin buru-belarri ibili zineten.
Ni txiripaz sartu nintzen, frantsesez nekielako. Sahararekin hasi ginen, ondoren hainbat egin genituen. Chateaubernard eta Jose C. Pazekin egindakoek eman digute emaitza oparoena. Azken horretarako materiala batzen dihardugu Bidebarrietan. Dagoeneko 30. edukiontzi bete material bidali ditugu.