Gainerako sektoreetako enpresa berriek ere laguntza jasoko dute, orain arte bezala: 300 eta 900 euro arteko laguntza jasoko dute enpresaren bideragarritasun azterketa egiteko; eta kontratatzen duten langile bakoitzeko 1.000 euro. Gainera, urtetik urtera, hiru urte bete arte, langile kopuruaren gaineko jarraipena egingo diote. Hori horrela, langile gehiago kontratatzen dituzten enpresek 1.000 euro gehiago jasoko dituzte langile bakoitzeko.
Bestalde, enpresa berrien diru-laguntzen araudian beste hainbat aldaketa egin dituzte Zubillagako Olaburu zentroari dagokionez. Udalak errentan ematen dituen sei bulego eta zortzi tailer ditu han –eraberritze lana egin aurretik hiru bulego eta sei tailer zituzten–. Horien errenta kopuruaren gainean hainbat aldaketa egin dituzte.
Orain arte, halako lokal baten beharra zuen enpresak Oñatin helbideratuta egon behar zuen. Aurrerantzean, oñatiarrek izango dute lehentasuna; hau da, enpresa sortzen duenak ere Oñatin erroldatua egon beharko du. Bestalde, lokalaren lagapenaren gainean erabaki dute hirugarren urtetik aurrera kontratu luzapena une horretan Olaburu dagoen beharretara baldintzatuko dutela –orain arte kontratua urtez urte berritu dute, gehienez ere bost urtera arte. Hori horrela, beste enpresaren batek lokala beharko balu, laugarren edo bosgarren urtean dagoenak lokala utzi beharko luke.
Errenta berriak
Era berean, Olaburuko tailerrak eta bulegoak alokatzeko kuota aldatu egin dute. Lehen urtean tailerra alokatu gura duenak 0,83 euro ordaindu beharko ditu metro karratuko eta hileko (tailer txikienak 16 metro koadro ditu eta handienak, 420). Bestalde, bulegoko metro koadroagatik 1,03 euro ordaindu beharko dituzte hileko (txikiena 15 m2-koa da eta handiena 49, m2-koa).