Ilusioa eta lanerako gogoa darie Ganbara Txikitxoak abesbatzako kide gazteei, eta freskotasun hori nabaria izan da ikuskizun osoan zehar. Atrezzo sinple batekin –etxeko bateko egongela irudikatzen zuen–, istorio bitxia kontatu digute. Jon Ander edo Gurutz Gereta da protagonista. Hondartzara edo mendira joan gura duenean, eguraldi iragarpena eskatzen dio kaiola handi batean duen txori koloretsuari. "Txorro txio txin txin, txorron txin" esaten dio txoriak, eta Jon Anderrek euskarara transkribatzen ditu haren iragarpenak.
'Munduari bira'
Ipuin musikalaren aurretik munduko abestien barrena murgildu gara Santa Anan batutakook. Munduari bira eman diogu Ganbara Txikitxokoek. Euskal Herrian hasi, eta Ingalaterra, Serbia, Sidney, Mexiko eta Kubako kantuak erakutsi ondoren, Euskal Herrian bukatu dugu Akerra ikusi degu kantuarekin.