'Txori meteorologoa' musikala Oñatiko neska-mutikoen eskutik

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko martxoaren 3a

Ganbara Txikitxoak 'Txori meteorologoa' musikala eskainiko du domekan Santa Ana antzokian. Josu Elberdinek idatzitako ipuin musikala egokitu dute. Berez korurako idatzitako obra da 'Txori meteorologoa', baina oñatiarrek argumentua mantenduz gidoia aldatu egin dute, eta pertsonaia berriak sartu dituzte. Hala, hori izango da musikal honek izango duen berritasunetako bat: elkarrizketak sartuko dituzte. Bi saio eskainiko dituzte: 17:00etan eta 19:00etan.

Izugarrizko dekoratua prestatu dute Ganbarako kideek, eta aurreratu dute sorpresaz betetako musikala izango dela.

Bi pertsonaia

Gurutz Gereta –Jon Ander– eta Sara Mantxola –Idoia– izango dira musikaleko protagonistak. "Hainbat aste ibili gara bi aktoreokin lanean, eta oso esperientzia polita izan da", azaldu du Aitor Biain abesbatzako zuzendariak.
Musikalaren argumentua da: Jon Anderrek eguraldi iragarpen zehatzak egiten ditu, denak txundituta utziz; iragarpenak, baina, etxean duen txori bati esker egiten ditu.
Musikalaren aurretik, Munduari begira muntaia aurkeztuko du Ganbara Txikitxoak abesbatzak. Munduko abestiak eskainiko dituzte.

Sarrerak aurrez daude salgai

Txori meteorologoa musikalaren bi saio eskainiko dituzte domekan: 17:00etan eta 19:00etan izango dira. Sarrerak Oñatiko Kultura etxean daude salgai 5 euroren truke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak