Oñatiarrek parte hartu ahal izango dute energia berriztagarriak sortzen

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko martxoaren 2a

Diputazioan izan zen atzo Lourdes Idoiaga Oñatiko alkatea eta bertan sinatu zuen hitzarmena: herritarrek Zubikoa kiroldegi berriko zatiaren teilatuan eta azokako teilatuan dauden eguzki plakak erosi ahal izango dituzte 800 euroren truke eta horrekin plakaren erosle horiek %6ko etekina atera ahal izatea aurreikusten dute.

Orain dela bi urte azaldu zuen Diputazioak Gipuzkoako lau herritan - Zarautzen, Zegaman, Elgoibarren eta Oñatin- esperientzia pilotu bat abiarazteko asmoa: jabetza publikoko eraikinen teilatuetan eguzki plakak jartzea, horiek herritarrei saltzea eta hortik ateratako etekina herritarrei ematea. Horrela, herritarrak ere energia berriztagarriak sortzeko prozesuaren parte bihurtzeko eta etekina ateratzeko. Bada, dagoeneko instalatu dituzte lau herrietan plaka fotoboltaikoak eta atzotik bertatik herriarenak dira.

Hori baina ez da Oñatiko Udalak energia berriztagarrien alde egin duen lehenengo apustua; orain bost urte jarri zituen lehenengoz eguzki plakak herriko hainbat eraikinetako teilatuetan eta esperientzia berri horren aurretik bazituen 3.000 metro kuadro eguzki panelekin.

Esperientzia berria

Oraingo esperientziarako, eguzki plaka berriak jarri dituzte Zubikoa kiroldegiko eraikin berriaren teilatuan eta azokakoan, eta Diputazioak ordaindu ditu gastuak. Orain, plakak instalatuta eta martxan daudela, asmoa da plaka horiek herritarrei saltzea 800 eurotan eta herritarrek eurek energia berriztagarrien parte izateaz gain, gutxi gorabehera %6ko etekina ateratzea.

Modu horretara, petroliotik datozen energiak, energia berriztagarriengatik ordezkatu nahi dituzte eta momentuz, plaka horien salmentak egiten ez diren bitartean ateratako etekinak, herriarendako izango dira.

Bilera informatiboa, hilaren 15ean

Horri buruzko informazio gehiagorako eta herritarren kezkak argitzeko, Diputazioko teknikariak etorriko dira Oñatira martxoaren 15ean eta informazio guztia bertan emango dute zehatz-mehatz.

Beste apustu bat

Energia berriztagarrien aldeko beste apustu bat egitea ere ari da aztertzen Oñatiko Udala: biomasaren bidez beroa sortzea posible den edo ez aztertzen, hain zuzen. Proiektu hori aurrera aterako den edo ez erabakitzeke dago oraindik; azterketaren emaitzen arabera hartuko dute erabakia.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak