Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu du, Garapen Iraunkorreko Departamentuaren ekimenez, Oñatiko Kurtzekua eta Zubillaga auzoa bitarteko bizikleta eta oinezkoentzako bidearen zatia eraikitzeko baldintzen agiria. Bide zati hori Debarroan barrena doan 4. ibilbidean sartuta dago.
Halaber, kontratazio eta esleipen espedientea ere onartu du diputazioak, eta iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, eraikuntza enpresa interesatuek proposamenak aurkez ditzaten.
Eneko Goia Foru Aldundiaren bozeramaileak azaldu duenez, esleitu ondoren, lanak irailean hasiko dira, eta 10 hilabeteko epea izango dute bukatzeko; 2012ko uztail-abuzturako, beraz, zabalik egongo da bidea. Enkante aurrekontua 2.499.370 euro da eta Garapen Iraunkorreko Departamentuak finantzatuko du osorik.
Trazatu leuna eta 3,5 metro zabal
Bidegorriak trazatu leuna eta askotariko maldak izango ditu. 3,5 metro zabal izango da eta oinezkoen zatia eta bizikletena bereizita egongo dira: 2 metro bizikletentzat eta 1,5 metro oinezkoentzat. Azpiegitura berriak argiak izango ditu bide guztian eta Oñatiko erdigunea Zubillaga auzoarekin eta inguru horretan dauden enpresekin lotuko du. Bidegorri berria oso azpiegitura egokia izango da lantegi askotara modu iraunkorrean bertaratzeko. Horrez gain, ibiltzeko, aisialdirako eta ariketa egiteko ibilbide egokia bihurtuko da, Diputaziotik aurreratu dutenez
Saihesbide azpitik
San Pedroko bidegurutze arriskutsua saihesteko, Oñatitik Elorregirantz joateko azkeneko irteeran, sihesbidearen azpitik joango da bidegorria. Hau da, tunel txiki bat egingo dute Casablanca auzoko azkeneko etxeen inguruan, umeen parketik erepidearen beste alderaino. Lourdes Idoiaga Oñatiko alkateak, justu, horixe nabarnendu nahi izan du, era honetan oinezkoendako edo bizikletaz doazenendako arriskua asko gutxituko delakoan.
Hiru zati
Lanak hiru zatitan banatu dituzte. Lehenengoa, Zubillagatik Madalenako ermitaraino (1.307 metro). Fagorreko biribilaren azpitik joango litzateke, tunel batetik. Bigarrena, Madalenatik Azpikua baserriraino doa (1.045 metro), eta, hirugarrenak, Azpiakua eta Kurtzetxo ermita lotuko ditu (1.549 metro). Azken honetan, aipatu bezala, beste lurrazpiko pasabide bat egokituko da Cartonajes Arregi eta Casablancako umeendako parkearen artean.