Iaz 709 isun; horietatik 106 Bidebarrietan

Mireia Bikuña 2011ko otsailaren 25a

2010ean jarritako isunen laburpena egin dute Udaltzaingoan, eta datuak ikusita atera daitekeen ondorio nagusia da iaz 2009an baino salaketa gehiago jarri zituztela: 2010ean 709 jarri zituzten  eta 2009an 616. Hori horrela, igoera %13 izan da. Beste datu aipagarri bat ere badago: 2008ko datuak ikusita, behera egin dute salaketek bi urteotan: urte hartan 912 jarri zituzten.

009ko datuekin aldaketarik ez duena da isun gehien jarritako kalea, beste behin, Bidebarrieta dela. Salaketa guztien %15  –106 isun–kale horretan jarri zituzten.
Beste kale eta gune aipagarriak hauek dira: Portu kalea, Santa Marina plaza eta BBVAren aurreko zamalanak egiteko gunea –bakoitzean 71 salaketa jarri zituzten–, Kale Zaharra, San Anton kalea eta Errementari plaza.


Gehienak, ordainduta


Udaltzaingoan emandako datuen arabera, 2010ean jarritako salaketa gehienak autoa gaizki aparkatzeagatik jarri zituzten; besteak beste, espaloi gainean, txartelik gabe elbarrien aparkalekuetan, marra horia dagoen tokietan eta zamalanak egiteko guneetan.
Salaketa jaso zuten herritar gehienek isuna ordaindu dute dagoeneko (%72). 91 lagunek (%12) alegazioak aurkeztu zituzten eta onartu egin zitzaien. Hori horrela, jarritako salaketen %16 kobratu barik dituzte oraindik. Hain justu, 113 isun. Horiek guztiak datozen asteotan kobratzea espero dute.


Arinak, larriak eta oso larriak


Auto-gidariek hausten duten legearen arabera isun arina, larria edo oso larria jaso dezakete. Iazko salaketen %83 arinak izan ziren eta jabeek 30 euroko zigorra jaso zuten. Isuna jaso eta 20 eguneko epean ordainduta %50eko deskontua izan zuten. Bestalde, isun larriak jaso zituztenek (%14) 200 euroko zigorra zuten ordaintzeko, eta, arinen moduan, %50eko deskontua 20 egunen buruan ordaintzearren.
Iazko salaketa oso larriak  (%3), errepidean egindako alkohol-probetan positibo ematearren, Ertzaintzak jarritako isunak izan ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak