Atzeko kaleko merkatariak orokorrean pozik daude oinezkoendako egokitzapen lanekin

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko otsailaren 21a

Orain arte, autoek Atzeko kalean ibiltzeko baimena zuten, baina kale horretako merkatariek esan digute gaizki aparkatutako auto asko egoten zirela eta horrek arazo asko ekartzen zizkiela. Orain, Atzeko kalea oinezkoendako egokitzeko lanak hasita, merkatari gehientsuenak pozik azaldu dira aldaketokin. Hala ere, badaude euren kezkak azaldu dituztenak ere.

Duela astebete hasi ziren Oñatiko Atzeko kalea oinezkoendako egokitzeko lanekin. Orduan Ramon Irizar kalea itxi zuten. Gaurtik aurrera, baina, Atzeko kalea da itxita egongo dena; Ramon Irizar kalea zabaldu dute.

Merkatari gehientsuenak pozik

Lanon helburua da zirkulazioa txikitu eta oinezkoendako guneak egokitzea, eta Atzeko kaleko merkatariak pozik azaldu dira aldaketokin eta uste dute oinezkoendako egokitzapen lanak amaitutakoan Atzeko kaleak beste itxura bat hartuko duela.

Orain lanen zarata eta bestelako ondorioak jasan beharko dituzte, besteak beste, Atzeko kaleko merkatariek; hala ere, epe luzera begira Atzeko kalea oinezkoendako egokitzeko lanak begi onez ikusten dituzte.

Beste batzuk, kezkatuta

Hala ere, Atzeko kaleko merkatari guztiak ez daude erabat ados aldaketokin. Izan ere, asmoa da kalea zamaketa lanetarako zabaltzea goizeko 8:00etatik 12:00ak bitartean eta ordutegi horrek kezka sortu du merkatari batzuengan. Eskolatxo okindegiko Mari Carmen Urkiak esan digu, herritar ugari joaten direla eurengana goizean lanera joan aurretik eta eguerdian lanetik irten ondoren; aurrerantzean baina, ordu horietan kalea itxita egoten bada horrek eurengan eragina izango duela uste du eta zamaketa ordutegia zabaltzea eskatu dute. Oraingoz, lortu dutena da jaiegunetan ere kalea zabaltzea goizeko 8:00etatik 12:00etara; gainerako orduetan oinezkoendako izango da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak