Etxebizitza sozialak errentan hartzeko eskaerak hilaren 28ra arte

Mireia Bikuña 2011ko otsailaren 21a

Interesatuek udal bulegoetan entregatu beharko da dokumentazio guztia. Bidebarrieta 24ko 2-B, 2-D eta 3-C etxeak emango dituzte errentan.

Bete beharreko baldintzak dira, besteak beste: azken bost urteotan Oñatin erroldatua egotea eta eskatzaileen eta bizikidetza-unitatearen urteko sarrerak ezingo dira izan Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata baino 1,7 aldiz handiagoak. Era berean, etxea galdu ondoren behin-behineko bizitokian egotea, jabetzan etxerik ez edukitzea, errentan bizi izatea, eta familiako beste kide batzuekin edo lagunekin bizi izatea ere hartuko dituzte kontuan.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, eskatzaile bakoitzaren egoera puntuatuko dute,norberak dituen beharren arabera.
Udalak bost urteko kontratua sinatuko du egoera larrien duten hiru herritarrekin, eta errenta kopurua zehaztuko du eurekin. Dena den, urtez urte, etxean bizi direnen egoera aztertuko dute, etxebizitza sozialetan bizi izaten jarraitzeko baldintzak betetzen dituztela zehazteko.


Etxeko gastuak


Bidebarrietako etxeak errentan hartzen dituenak hainbat betebehar izango ditu; besteak beste, etxean bizi beharko du, ezin izango du obrarik egin etxe barruan Udalaren baimen barik eta etxeak sortutako gastuak –argia, ura, telefonoa eta gasa– berak ordaindu beharko ditu. Aldiz, etxearen mantenua Udalaren kontura joango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak