Asteon, Ramon Irizar kalea zabaldu egin dute, kamioiek biratzeko arazorik izan ez dezaten. Izan ere, kale horren noranzkoa aldatu egin dute; hau da, Ultzegin kaletik datozen autoek Atzeko kalera edo Bidebarrietara hartzeko aukera izango dute. Aldaketa egin dute, Atzeko kaleko goiko aldea zamaketa orduetatik kanpo itxita egongo delako.
Eskolatxoko zubia itxita
Beste aldaketa nabarmen bat Motxon kalean igarriko dute auto-gidariek aurrerantzean. Izan ere, Eskolatxoko zubia itxi egingo dute autoendako, eraberritze lanak dauden bitartean. Hori horrela, pibotea jarriko dute zubira heldu baino lehen. Gainera, autoek eta kamioi handiek bira egin dezaten guneak egokituko dituzte, eta, ondorioz, Motxon kalean dauden edukiontziak lekuz aldatuko dituzte.
Zabalik ordu batzuetan
Atzeko kalea eraberritzeko lanak bi zatitan egingo dituzte: lehenengoan, Kirringoeko kantoitik Eskolatxo okindegirainoko zatia egingo dute eta bigarrenean, Iturritxorainoko tartea. Herriguneko kaleek duten itxura bera izango du kaleak, eta zabalik egongo da 08:00etatik 12:00etara; gainerako orduetan oinezkoendako izango da.