Prest duzu Aratusteetarako mozorroa?
Beste behin, Anton Bengoarekin mozorrotuko naiz, baina oraindik ez dakigu zertaz. Izan ere, Antonek anaia bikia du Aretxabaletan, eta eurek erabiltzen duten mozorroa janzten dugu guk. Hori horrela, oraingoz, sorpresa...Iaz, adibidez, sardinak saltzen ibili ginen.
Baina mozorrotuta ere ezagutzen zaituzte.
20. aldiz irtengo gara Anton eta biok; eta bai, bikote bat mozorrotuta ikusten dutenean, badakite Anton eta biok garela.
Dena den, Aratuste-martitzenak indarra galdu du herrian.
Bai. Lantegietan lan egiten dute eguaztenean, eta horrek eragina dauka. Autonomo garenok jai hartzeko aukera gehiago ditugu. Umeek disfrutatzen dute gehien egun horretan. Adibidez, Bixamon Eguna berpiztu egin da, enpresa gehienek hurrengo egunean jai dutenetik.
Mozorro guztiak probatu dituzu?
Guztiak ez dakit, baina asko: peruarra izan naiz, japoniarra, Pancho Villa, jazz taldeko kidea, mariachia, emakumea... Etxean 12 bat mozorro ditut.
Originala izan daiteke mozorro bat egiterakoan?
Nik uste du baietz. Begira, bestela, Tolosan eta Aratusteek tradizioa duten lekuetan zer-nolako mozorroak egiten dituzten.
Bixamon Egunean taldean mozorrotzen zarete.
Urteko beste egun inportantea da. Egun horretarako mozorroak erosi egiten ditugu. Irailean hasten naiz gaia lantzen. Ni arduratzen naiz taldeko kideendako mozorroak erosteaz. Iaz mariachi mozorroa erosi genuen: 80 euro ordaindu genituen. Taldeko kideak gara: Kepa Txintxurreta, Kalin Agirre, Juanra Biain, Fernando Diaz, Anton Bengoa eta ni neu.
Egutegian kolore gorriz duzun beste egunetako bat irailaren 28a da, danborrada eguna.
Danborradan 32 urterekin hasi nintzen, eta 60 ditut. Danborra jotzen ikasi nuen soldadutza egin nuenean, Melillan. Banda militarreko kide izan nintzen. Oñatira itzuli nintzenean, Urrutia zen danbor-jotzaile nagusia eta haren bidez sartu nintzen.
Agian jendeak ez dakiena da futbol jokalari izan zinela?
Eta oso ona, gainera [Barre]. Aurrelari moduan jokatu nuen Aloñan 11 urtean, eta maila handiko jokalariekin: Santi Idigoras taldekide izan nuen eta Inazio Kortabarria aurkari, Mondran. Soldadutzara joan nintzenean, hirugarren mailan jokatu nuen, Melilla Industrial taldean.
Zergatik utzi zenuen?
26 urterekin erabaki latzaren aurrean nengoen [Barre]: futbola edo parranda. Biak bateraezinak ziren, eta bigarrenaren alde egin nuen. Dena den, futbola utzi eta urte berean, beteranoen lehen txapelketa antolatu nuen: zortzi talde lehiatu ziren. Herriko futbol txapelketako lehen presidentea izan nintzen, eta begira zer-nolako bilakaera izan duen txapelketak: gaur egun, 11 talde eta 500 lagun baino gehiago dabiltza.
Hamabost egunean behin Anoetara joaten zara Reala ikustera.
Aloñaren jarraitzaile eta Realaren bazkide naiz. Anoetara joaten naiz disfrutatzera. Aurten, gainera, joko polita egiten dihardu taldeak, eta gehienok espero baino puntu gehiago batu ditu dagoeneko. Hori horrela, mailari eusteko arazorik izango ez dugula uste dut. Eta, akaso, beste helburu batzuk planteatu beharko ditugu.
Reala bigarren mailan egon zenean ere bazkide zinen?
Bai. Urte gogorrak izan ziren, baina dagoeneko ahaztu ditugu. Duela urte asko egin nintzen bazkide, baina atzerritarrak kontratatzeko galdeketa egin zutenean, kontrako botoa eman nuen. Orduan, Aldridge fitxatu zuten, eta bazkide izateari utzi nion. Urte batzuk geroago, berriz egin nintzen bazkide, eta oso gustura joaten naiz.