Zein izan daiteke zinemaren betekizun hezitzailea?
Narrazioak, betidanik, balore zehatz batzuk bideratzeko tresna gisa erabili ditugu. Kultura guztietan ematen den ezaugarria da. Eta narrazioen erabilpen moralizantea nagusitu da. Nik beste bide batetik planteatzen dut narrazioen betekizuna. Gizakiok behartuta gaude etengabe erabakiak hartzera. Gainera, bizidun bakarrak gara hausnartzen dugunak hartutako erabakiez. Hausnarketa horretan izan daiteke erabilgarria narrazioa nire ustez.
Zinema hezkuntza-tresna gisa erabiltzen dugunean, ondo erabiltzen dugu?
Nire ustez ez. Niretzako zineak hausnarketa prozesu bat garatzen lagundu beharko luke. Egiten dena da zinea erabili irudikatzeko aldez aurretiko planteamendu bat. Ondorioz, eztabaida hutsala da. Nik planteatzen dudana da prozesu deliberatibo bat non badakigun nondik hasten garen baina ez dakigu nora heldu gaitezkeen. Eta horixe da nire ustez guzti honen aberastasuna.
Ze pelikula erabiltzea komeni da?
Pelikula zalantzagarriak, irekiak aukeratu behar dira non ondo/gaizki dagoena ez dagoen horren argi. Planteatu behar dira istorio batzuk non pertsonaiek muga hori etengabe zeharkatzen duten. Zalantzagarria eta kontraesankorrez beteriko narrazioak aukeratzea proposatzen dut. Horrek sortuko du benetako eztabaida, eta eztabaida izan daiteke bi eratakoa; alde batetik ikuslea pelikularekin eta bestetik eztabaida bat ikusleen artekoa.
Zergatik hori?
Bizi garen garaian esan behar dugu ez dagoela ona denaren edo ongi dagoenaren inguruan bertsio bakarra; balore moralek gaur egun izaera anitza dute. Eta hori da narrazio bat; ikuspuntu, pentsamolde, ikuskera... ezberdinen arteko gatazka. Ulerkuntza ezberdinak jasotzen dituzte. Narrazio batek planteatzen duena da pertsonaia desberdinak bakoitza bere bizi egitasmo partikularrekin eta nola moldatzen den testuinguru horretan. Gurekin, gure bizitza errealean gertatzen den moduan.
Gizakiok ez gara arrazoi hutsa. Gara nahasteka baten ondorioa eta nahasketa horretan dago arrazionaltasuna, sentimenduak, emozioak... Narrazio nagusia, gaur egun lehentasuna hartzen duen narrazioa ikus-entzunezkoa da, tartean zinea. Hortaz hezkuntza sentimentalean paper bat joka dezake. Etikak gizatiarra izan nahi badu gizakion mamian dauden sentimenduak kontuan hartu beharko lituzke. Emozioa, hunkipen hori, narrazio guztien oinarrian dago.