Arantzazuko parketxea: "Ametsa errealitate bihurtu da"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko otsailaren 14a

Gaur inauguratu dute Arantzazuko parketxea, Gipuzkoako parketxe sareko azkena. Rafa Uribarren Landa ingurumen diputatua, Markel Olano ahaldun nagusia, Lourdes Idoiaga Oñatiko alkatea eta Jose Mari Arregi Arantzazuko Frantziskotarren elkarteko ordezkariak izan dute zinta mozteko ardura. Parketxea Arantzazuko santutegiko Gandiaga II eraikinean dago kokatuta eta Aizkorri-Aratz parke naturaleko interpretazio zentroa da.

Parketxearen sarreran Edu Muruamendiaraz dantzari bergararrak aurreskua dantzatu du, eta ondoren zinta moztu dute Diputazioko, Oñatiko udaleko eta Frantziskotarren elkarteko ordezkariek. Modu horretan, inauguratutzat eman dute Arantzazuko parketxea.

Egi bihurtu den ametsa

Barruan, Rafa Uribarrenek egin ditu aurkezpenak. Ondoren, Idoiaga alkateak hartu du hitza. Oñatirako egun handia dela aitortu du: "Amets bat zena errealitate bihurtu da", gaineratu du. Alkateak bereziki eskertu gura izan ditu Foru Aldundiko ordezkariak. Diru-laguntzak emateaz gain, beti egon direlako gertu lankidetzarako. Asier Arrese diputazioko mendi eta ingurumen zuzendariarendako ere esker on hitzak izan ditu alkateak.

Jose Mari Arregi frantziskotarrak parketxea bake etxearekin lotu du. Gaineratu du Arantzazuk dituen altxorrak herriaren esku uzten dabiltzala, herritarrek goza dezaten. "Natura guztiona da" gaineratu du.

Parke naturala ezagutzeko gonbita

Azkenik, Olano ahaldun nagusiak hartu du hitza. Jendeari, eta batez ere gipuzkoarrei Aizkorri Aratza parkera joateko gonbita egin die Olanok. "Ezagutuz gero ez zarete damutuko", esan du.

 

Hiru gune ditu parketxeak

Parketxea Gandiaga II eraikinean kokatutako dago. Proiektuaren helburua da lurraldearen natura eta kultura hastapenei buruzko hausnarketa egiteko interpretazio gune izatea. Parketxeak ondo bereiztutako hiru gune ditu.

  • Harrera eta trantsizio gunea: proiektuaren ardatz diren filosofia eta balioak aurkezten dira.
  • Historia duen naturaren gunea: esperientzian oinarritutako baliabide museografiko ezberdinak ditu gune honek. Aipagarriena, 8x3 metroko maketa. Gainera, Gipuzkoako eta Euskal Herriko ikuspegi orokorra eskaintzen du.
  • Kultura paisaian gunea. Gizakiak ingurunean izan duen jarduera eta esku hartzea lantzen dira.

Erabiltzen diren baliabide museografikoen artean daude, basoaren errekreazio abstraktua sinkronizatutako argi sistema baten bidez; artzainek mendiko larreetan egiten duten lana laburbiltzen duen formatu handiko proiekzioa (12x4 metrokoa); eta, artzaintzaren inguruan sakontzeko gune bat.

Migel Angel Alonso arkitektoak diseinatu du parketxea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak