Iaz, euren ikastetxeetako eta herriko energia kontsumoaren eta erabileraren gaineko diagnosia egin zuten, eta ateratako ondorioen berri eman zieten udal arduradunei osoko bilkura berezi baten.Bada, oraingo ikasturtean energiaren gaineko kanpaina abiarazi gura dute. Herritarrek energiaren gainean duten informazioa batuko dute; besteak beste, eraginkortasun energetikoaren gainean duten informazioa eta teknologia berriei buruz eta energia berriztagarriei buruz dakitena.Kanpainaren aurkezpen ekitaldia maiatzaren 11n egingo dute. Lourdes Idoiaga alkatearekin hitzordua egin dute. Era berean, osoko bilkura berean aurkeztuko dituzte ikasturtean landu dituzten gaiak.
Irailean hasi ziren lanean
Eskola Agenda 21en plangintzak hiru arlo ditu: lehenengo arloan ikastetxe bakoitzaren curriculuma aztertzen dute. Hau da, esku artean darabilten gaia, kasu honetan energia, nola eta zenbat lantzen duten eskola orduetan. Era berean, gai horrekiko lehentasunak zehazten dituzte.
Bigarren arloan, kudeaketa egiten dute. Ikastetxearen diagnosia egin eta ekintza plana zehazten dute. Eta hirugarren eta azken arloan, herri mailako diagnosia egiten dute. Arlo horretan izaten dute Artelatz Ingurumen Zerbitzuak enpresakoen laguntza.
Dirulaguntza
Bestalde, Udalak ia 4.200 euroko laguntza jasoko du Eusko Jaurlaritzatik ingurumenarekin lotuta ekintzetarako. Laguntza hori erabiliko dute Artelatz Ingurumen Zerbitzuak kontratatzeko.