Arantzazuren gaineko informazioa, lau liburuxkatan

Mireia Bikuña 2011ko otsailaren 11

Arantzazun lan egiten duten erakunde guztiak elkarrekin agertu ziren astelehenean, hilaren 7an, "Arantzazu egunero ari da" oihukatzeko. Bi helburu nagusirekin batu dira: alde batetik, jarduera guztien programazioa bateratzea eta hiru hilean behin argitaratzea; eta, beste alde batetik, Arantzazu bisitatzeko gonbita egitea.

Hiru hilean behin liburuxka bat


Arantzazun lan egiten duten erakunde, elkarte, talde eta pertsonek bat egin dute han egiten diren ekimenak "indar bakarrez biltzeko". Gizaker enpresak egindako inkesta baten emaitzak agerian utzi du euskal gizartearen, hedabideen, iritzi publikoaren, enpresen, GKEen, elkarteen, unibertsitateen, erakundeen eta beste hainbat agenteren gehiengoak "ez duela Arantzazun gertatzen den horretan parte hartzen, Arantzazun geratzen den horren berririk ez" duelako.

Hori horrela, bi erabaki hartu dituzte: lehena hiru hilean behin liburuxka bat argitaratzea da, eta euren ekintza guztiak bilduko dituzte. Agenda bakarra egingo dute, Arantzazu egunero ari dela erakusten duen programa: "Agenda bateratu horren zabalkundea era partekatuan egingo dugu".
Bigarrena osoan guztian bisitariak erakartzeko lan egitea izango da. Urtaro bakoitza egunaren zati bati lotuko diote, gai bati, kolore bati, Arantzazurekin lotutako ekintzaren bati.
Bi helburu horiek betetzeko asmoz antolatuko dute gainerako guztia. Hiru hilean behin kaleratuko dituzten liburuxkak –lehena kalean dago– Arantzazun lanean diharduten erakundeen webguneetan eta www.arantzazu.org atarian irakur daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak