Eko D Bul: "zuzenekoekin hastea da gure nahia"

Maider Arregi 2011ko ots. 7a, 03:33

Eko D Bul taldea 2009an sortu zen Argi Ibili talde mitikoaren sustraietatik. Green lanarekin datoz oñatiarrak. Ritxarrek (bateria), Felipek (gitarra eta ahotsa), Heavy-k (baxua eta ahotsa) eta Josemak (gitarra eta ahotsa) osatzen dute taldea.

Punk rock doinuetatik metal doinu bortitzagoetara bidaiatu duzue.
Argi Ibilitik jaio da Eko D Bul taldea. Josu abeslariak beste proiektu batzuk zituen eta bagenekien noizbat bukatuko zela. Hala, lau kideok Eko D Bul proiektua abiatu dugu orain.
Ez nuke esango estilo edo izaera bakarra duzuenik.
Argi Ibilik Josuren izaera zuen, hura zen abeslaria eta taldeko frontman-a. Orain, ordea, gauzak aldatu egin dira eta taldeak ez dauka izaera bakar hori. Gainera, ez zaizkigu etiketak gustatzen. Askotariko musika estiloetatik edaten dugu: Pearl Jam, Metallica, Faith No More, Pantera, Joaquin Sabina… guztia koktelera baten sartu eta barru-barrutik irteten zaiguna egiten dugu. Horixe da Eko D Bul! [Barre].
Nolako abestiak batu dituzue?
Egilearen arabera metaleroagoak edo rockeroagoak dira abestiak. Me sobra la noche, adibidez, Josemak egin du eta rock canalla ukitua dauka. Ojos de lobo, berriz, zuzenerako abesti kañeroa da. Felipek egiten duen  Vuelves a vivir abestiak Barricadaren garaira garamatza.
Abesti berriak eta zaharrak daude Green diskoan. Zergatik?
Ella abestia, esaterako, Argi Ibiliren garaian grabatutakoa da. Orain, berriro landu dugu eta ukitu ezberdina eman diogu. Beste abesti bat bilakatu dugu. Soinu eta ahots desberdinak ditu; abesti heavyena eta bortitzena da, zalantza barik. Asko gustatu zitzaigun eta horregatik sartzea erabaki geunen. Vuelves a vivir ere orduan egindakoa da. Baina abesti hori inoiz ez dugu argitaratu. Delirium Tremens gogorarazten digu! Zuzenean ere berritutako abesti gehiago jotzen ditugu, jendeak eskatuta.
Eta orain, zuzenekoetara!
Vomitorekin aurkezpen bira egin nahi dugu. Atzeko kaleko jaietan harremanak estutu genituen; ea, ba, zer edo zer irteten den hemen. Bestetik, Inkernun ere zer edo zer antolatu nahi dugu.
Metal Nortek kaleratuko duen bilduman parte hartuko duzue.
Gureak diren bi abesti aukeratu dituzte eta maiatz inguruan kaleratuko duten bilduman izango gara. Ondoren, kontzertu bira egingo dugu. Euskal Herriko eta Espainiako taldeak daude bertan, eta haiekin joko dugu.
Laster lan berria?
Bai, abesti batzuk egin ditugu eta beste batzuk prestatzen ari gara. Jendeak lan hau gustura hartu du, baina orain, zuzenekoen zain daude. Diskoetxe batekin  hitz egiten gabiltza lan berria aurrera ateratzeko. Dena lotzeko dago oraindik, ikusi egin behar...
Diskoa non eskura daiteke?
Hainbat herritako tabernetan. Oñatin, adibidez, Bogan eta Akerren. Eta nahi duenak lasai eska dezake myspace.com/ekodbul  helbidean.

Iraganeko bizipenei kantuka

Nik uste nuen kirola eta musika biak serio egitea bateraezina zela ia, baina gure ibarrean badira hainbat kasu: Nealta Fola, Fiachras eta honako hau, besteak beste.
Oñatiko Eko D Bul taldeak urte eta piku darama entsegu lokalean gordeta, eta dagoeneko bost kantuz osatutako lana atera dute jendaurrera. Gazteleraz abesten dute eta rock urbanoa deritzona da aukeratu duten estiloa, kaleko bizipenak, malenkonia eta iraganarekiko nostalgia zama handia duena. Tarteka gitarra eta erritmoak heavy-rockera hurbiltzen dira, eta bada kantu rockeroago eta maltzurragorik ere, baina orokorrean Barricadak eta Extremodurok jorratutako bideetan barrena aurki ditzakegu.  

Iker Barandiaran

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak