Europar mailako akordioa da eta helburuak dira 2020rako CO2 isurketak %20 murriztea, energia kontsumoa %20 jaistea eta kontsumitutako energiaren %20 berriztagarria izatea. Hau da, energia kontsumoa gutxitu eta emisio kutsagarriak murriztu. Europan dagoeneko, 2.100 herri eta hirik egin dute bat ekimenarekin.
Orain arte egindakoa
Alkateen ituna 20-20-20 bezala ere ezagutzen da. Azaroan sinatu zuen udalbatzak Alkateen Ituna, eta ordun hartan Lourdes Idoiaga alkateak azpimarratu zuen Oñatik "aspaldidanik" zuela konpromisoa energia berriztagarriekin. Horren adibide dira, adibidez: orain dela 20 urte Oñatiko Ur-jauziak erosi izana, azken bost urteotan eguzki plaken alde egin duten apustua, garraio publikoaren alde eginiko lana edota bizikleta-plana.