Erlijiotasunari eutsita, turismo zentro izan nahi du Arantzazuk

Leire Kortabarria 2011ko otsailaren 5a

Bostehun urte ez dira alperrik pasatzen. Urte horietan guztietan, Arantzazu lehen mailako erlijio zentroa izan da Euskal Herriarendako, eta orain ere, gehienok erlijioaren sinonimo izaten jarraitzen du Arantzazuk gehienondako. Ez hori bakarrik; erlijioaz kanpo Arantzazuk eskaintzen duena –turismoa, kultura, gastronomia edo natura– ez da behar adina ezaguna Euskal Herrian, eta alderdi horiek ezagutarazteko lan handiagoa egin beharra dago.

Horixe da Arantzazuko Adiskideen enkarguz Gizaker enpresak egin duen galdeketa baten ondorioetako bat: galdetutako bost lagunetik lauk ez dute Arantzazuren berrikuntzen berri; %57,9ek Santutegia ezagutzen dute; baina galdetutako %22ek bakarrik dakite zer edo zer Arantzazuko Santutegiak azken hamar urteotan egin dituen berrikuntzez.

Emaitza onak ere izan dira: adibidez, azken bost urteotan Santutegia bisitatu dutenek 10 puntutik 8,11 ematen dizkiote Arantzazuri, eta hamar lagunetik seik "laster" bueltatzeko asmoa agertu dute.
Frantziskotarrek normaltzat jotzen dituzte emaitza gehienak. Honela diosku Iñaki Beristain fraideak: "Arantzazu erlijioagatik da ezaguna, eta hori frantziskotarrondako pozgarria da, hori da-eta gure lehenengo egitekoa. 500 urte daramagu hemen eta horrek bere eragina dauka". Eta beste gogoeta hau egiten du: "Erlijioa motelduta dago gaur egun, batez ere gazteengan, eta beharbada horrek Arantzazura etortzeko gogoa kendu die. Gure nahia da, erlijioa alde batera utzi gabe, Arantzazuren beste alderdiak indartzen jarraitzea".

Gandiaga Topagunea.

Arantzazu turismoarekin gehiago lotu gura dute Arantzazuko Adiskideek: "Guretako ezustekoa izan da, inkestaren arabera, Arantzazu ez dela turismo erreferentea. Ez dugu nahi turismo masiborik, baina gehiago indartu dadin nahi dugu, eta bere kultura, gastronomia, natura… eskaintza ezagutarazi". Eta kritika bat ere egiten du: "Erakundeek egindako turismo gidaliburuetan ez da Arantzazu agertzen; erlijioarekin lotuta bakarrik agertzen da".

Bada, oraingo hilabetean bertan jasoko dute bultzadatxo bat: Aizkorri-Aratz parke naturalaren interpretazio zentroa, parketxea, laster inauguratuko da. Azken ukituak ematen dabiltza eta hil erdialdean inauguratuko dute, seguruenik.

Arantzazuren "humanizazioa"

Arantzazu jendarteratzeko eta indarberritzeko helburua jarri zioten euren buruari hango frantziskotarrek 2000. urtean. 2002an ospatzen zuen ordena hark Arantzazun bizi izaten zeraman 500. urteurrena, eta ospakizun horren berotara, aro berria ere hasi zuten. Dena dela, ordurako lehenengo berrikuntzak eginda zituzten: Arantzazuren ikurretako bat, gogartetxea, berritu zuten 2000. urtean. Eta bosgarren mendeurrenean, santutegia eta ingurune osoa goitik behera berritzeko proiektua aurkeztu zuten. Batik bat 2004. eta 2005. urteetan egin ziren lan ikusgarrienak, baina, oro har, hamarkada oso bat hartu du itxuraldatzeak.

Arantzazuren panoramika bat 2000. urtean; barrenean, seminarioa.

1990etik hutsik zegoen seminarioaren erdia baino gehiago bota egin zuten, eta 7.000 m2-ko eraikina utzi zuten, gero Gandiaga Topaguneak hartuko zuena. 2005erako, bukatuta edo azken ukituak emateko zeuden topagunea bera, inguruko bidezidorrak, aparkaleku berria, turismo bulegoaren eraikin borobila, Oteizaren omenezko gogoeta-etxea eta basilikaren aurrealde osoa, hori ere berrituta. Hori dena kudeatzeko, 2007. urtean hitzarmen-marko bat egin zuten aurrerantzeko ekintzak eta finantzaketa zehazteko frantziskotarrek, Oñatiko Udalak eta Foru Aldundiak. Hain zuzen, lau urtean aurrekontuak egiteko konpromisoa hartu zuen Aldundiak, eta aurten izango du hori berritzeko aukera. Hitzarmen horren fruitu, Arantzazu Gaur fundazioa sortu zen 2008an, Mondragon Korporazioaren eta Kutxaren parte-hartzearekin, eta Arantzazuko Adiskideak, gaur egun 900 norbanakok eta bost erakundek osatzen dutena.

Arantzazu Santutegia hotela 2008an ireki zuten, berritu ondoren.

Arantzazu Santutegia hotel berritua 2008ko irailean ireki zuten, 110 lagunendako lekuarekin; eta azaroan, Gipuzkoako lehenengo ibilbide egokitua, Gomistegitik Arantzazura doana. 2009an, Oteizaren apostoluen frisoa eta Pietatea berritu zituzten, eta basilikako kripta berriz inauguratu zuten, Nestor Basterretxeari omenaldi batekin eta bere lanen berritzearekin batera. Iaz, umeendako parkea inauguratu zuten. Oraingo hilean, parketxea inauguratuko dute.

Bitoriano Gandiagak frantziskotarrei esandakoa zen, "Arantzazu humanizatu egin behar duzue", eta aurpegi-garbiketa soila baino gehiago izan da han gertatu dena, hortaz. Izan ere, Arantzazu itxuraz aldatzen joan den neurrian, erlijio-esanahiari eustearekin bat, beste esanahi batzuk indartu ditu: jendartearendako lekua, turismoa egitekoa, naturaz gozatzekoa, lehen mailako artea mirestekoa, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak