Julian Ruiz: "Egoera asko aldatzen ez bada, eskubaloiak ematen duenarekin bizi izatea zaila izango da"

Mireia Bikuña 2011ko urtarrilaren 31

Julian Ruiz (Santander, 1960) Eibarko Arrate eskubaloi taldearen entrenatzailea da. Hilaren 29an (zapatua) Oñatin egon zen, lagunarteko partidua izan zuen-eta (Arrate 22 -Valladolid 28). Bada, eskubaloiaren gaineko hitzaldia ere egin zuen. 5-1eko defentsaz jardun zuen, eta oso gustura erantzun zien entzuleen galderei, baita gureei ere.

Jokalari moduan hasi zinen, eta orain entrenatzaile zaitugu. Zenbat urte daramazu eskubaloian?


Elite mailan 30 urte baino gehiago daramat. Jokalari moduan Santanderren hasi nintzen. Ondoren Valladolidera joan nintzen Michelin taldera, eta berriro Santanderrera itzuli nintzen Teka taldera. Duda barik, talde hartan eman nituen urterik onenak.
Tekan bertan eman nituen lehen pausuak entrenatzaile moduan, harrobiko taldeetan. Asobal ligako hainbat talde zuzendu ditut: Teka, Bidasoa eta Arrate. Emakumezkoen Espainiako hautatzaile eta entrenatzaile izan nintzen. Gainera, Alemanian urtebete egin nuen.

Zenbat aldatu da eskubaloia hasi zinenetik?

Izugarri. Batez ere aldatu da jokoaren erritmoa: egun oso azkar jokatzen dute. Gainera, jokalariak atletak dira, fisikoki indartsuak. Oso konpletoak dira. Dena den, guk ez genuen horren gaizki jokatzen!


Nola gogoratzen dituzu La Albericia kiroldegiko hitzordu garrantzitsu haiek?


Teka taldearen urte onenetan jokalari izan nintzen. Europako txapelketak eta ligak irabazi genituen, eta taldea indartsua zen. Baina, La Albericiako harmailetan egoten zen giroa izugarria zen. Kiroldegi txikia da, eta lepo betetzen zen. Guk geuk, gertutik sentitzen genuen zaleen animuak. Lehia haiek ahaztezinak dira.


Ordu hartan Kantabriak leku berezia zuen punta-puntako eskubaloian.


Bai, hala da. Txapelketa asko irabazi genituen. Hori horrela, munduko talderik onena izendatu gintuzten. Talde mitikoen sailkapen hori mantentzen da, eta oraindik aurreneko lekutan dago Teka taldea. Orain, egoera asko aldatu da.


Egun Asobal liga jokatzen duen ze talderekin parekatuko zenuke orduko Teka?


Ciudad Real taldearekin parekatuko nuke. Baina, euren ibilbide oparoa, sariei dagokionez, Tekak egindakoa baino luzeagoa da.


Birritan parte hartu duzu Joko Olinpikoetan.


Los Angelesen eta Seulen egon nintzen Espainiako selekzioarekin, eta baita munduko txapelketa batzutan. 130 partidu jokatu nituen selekzioarekin. Ez genuen talde oso indartsua, eta erdi mailako postuetan bukatzen genituen txapelketak. Baina, oroitzapen onak ditut. Talde kide izan nituen Lorenzo Rico, Eugenio Serrano, Javier Cabanas, Juanon de la Puente, eta Juan Francisco Muñoz Melo, besteak beste.


Jokalari askoren kontra jokatu duzu. Nor aipatuko zenuke?


Duda barik, eta guztien gainetik Veselin Vuyovic. Jokalari izugarria zen: jokoaren ikuspegi guztiak menderatzen zituen. Gainera, tipo jatorra zen, lasaia, eta bazekien nola jardun entrenatzaileekin, epaileekin...


Eskubaloian esperientzia onak eta txarrak bizi izango zenituen. Inoiz pentsatu duzu dena pikutara bidaltzea?


Bai. Une zehatz batzuetan bai, baina hurrengo egunean iritzia aldatu izan dut. Entrenatzaile lana oso gogorra eta bakartia da. Partidua galdu ondoren, adibidez, buelta asko ematen dizkiot buruari, eta horrek tentsio handia sorrarazten dit.


Zeintzuk dira Asobal ligako talde indartsuenak?


Bi daude gainerako guztien gainetik: Bartzelona eta Ciudad Real. Maila bat beherago daude Leongo Ademar eta Valladolideko Cuatro Rayas. Hortik behera gainerako guztiak gaude, eta arrisku larrian gainera.
Eibar aldean ere arriskuan zaudete sailkapenari dagokionean, baina, baita egoera ekonomikoari dagokionean ere.
Egoera larrian gaude. Ekonomiari dagokionen itota gaude. Klubeko ordezkariak erakundeekin elkartu dira, ea bada, guztion artean irtenbidea topatzen dugun. Gainera, klubak bizi duen egoerak eragina du jokalariengan, eta niregan. Tentsioa da nagusi, eta ez da erraza lana ondo egitea. Sailkapenean jaitsiera postuetatik hiru puntura gaude.


Taldea desagertzeko arriskuan dago?


Orain dugun egoerarekin, bai, arriskua dugu.


Zure lanean ere eragina du klubaren egoerak?


Bai. Nik ez dut gustatzen zaidan moduan lan egiten, egoerak ez duelako batere laguntzen. Baina, moldatzen gara. Jokalariak baino lehenago pertsonak daude, eta guztiok gaude egoera larrian.


Non ikusten duzu zure burua urte batzuk barru?


Ba ez dakit non egongo naizen, baina kirol munduan seguru. Heziketa Fisikoan lizentziaduna naiz. Dena den, ez dut nire burua eskolak ematen ikusten. Dena den, egoera aldatzen ez bada, epe ertainera, eskubaloiak ematen duenarekin bizitzea ia ezinezkoa izango dela uste dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak