Etorkinak euskarara hurbiltzeko ikastaroa egingo dute otsailetik

Mireia Bikuña 2011ko urtarrilaren 25a

Euskara ikastaroa 60 ordukoa izango da, eta otsailaren 10ean hasiko dute. Oraingoz, izenemate epea zabalik dago. Interesatuek ikastaroa hasten den egunera arte eman dezakete izena. Hiru bide dituzte: 943 78 24 96 telefonoan; euskaltegia@oinati.net helbidea; eta bulegoan bertan, 09:00etatik 13:00etara eta 14:30etik 18:00etara.

Bedita Larrakoetxea Udal Euskaltegiak etorkinendako euskara ikastaroa antolatu du, iaz egindako moduan. Aisa, etorkinak euskara ikasten leloarekin Oñatiko etorkinengana heldu gura dute.

Ekainaren 13ra arte


Izena ematerakoan ordainketa egin beharko da. Ikastaroaren prezioa 22,50 euro da: 10 euro matrikulagatik eta 12,50 ikas-materialagatik. Euskaltegikoek 60 orduko ikastaroa egin gura dute: otsailaren 10etik ekainaren 13ra. Izenematea bukatzean, ikasle kopurua ikusi eta taldeak antolatuko dituzte. Ordutegia eta eskola egunak ere zehaztu barik dituzte. Horiek, ikasleekin adostuko dituzte.
Ikastaroaren helburua da etorkinak euskarara hurbiltzea.  Etorkin askok urteak daramatzate Oñatin eta beharrezkoa  zaie euskara ezagutzea: euren seme-alabei etxeko lanetan laguntzeko, lagunekin berba egiteko, erosketak egiteko... Gutxieneko maila lortzeko aukera izango dute. Ikastaroa teoria landuz, euskararen oinarrizko ereduak landuz hasiko dute. Aurrerago praktikak egiten hasiko dira.
Euskaltegikoek dei berezia egiten diete etorkinei ikastaroan parte har dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak