Idurre Elortza: "Liderraren kontra gure maila erakutsi beharko dugu"

Mireia Bikuña 2011ko urt. 21a, 17:31

Senior mailako Aloñako neskak sailkapenaren erdian daude, zortzi jardunaldi jokatu ostean. Taldean aurpegi berri asko daude. Idurre Elortza da entrenatzailea, eta harekin egin dugu berba.

Aurpegi berri asko daude taldean.


Bai, hala da. Iazko denboraldian 18 jokalari ginen eta zortzik bakarrik jarraitzen dugu. Jokalari gazteak ditugu. Ni naiz zaharrena eta 23 urte ditut. Jokalari berriei buruz esan behar da aurretik eskubaloian aritutakoak direla, baina utzita zuten.


Zu zeu, gainera, entrenatzaile eta jokalari zara


Entrenatzaile barik geratzen ginela ikusita, animatu egin nintzen, eta, oraingoz, konpontzen naiz. Egubakoitzetako entrenamenduetan senior mailako mutilen taldeko kide baten laguntza daukat.


Berrikuntza asko, baina zer moduz moldatu zarete?


Ba, egia esan, nahiko ondo. Ondo hasi genuen txapelketa, eta, hiru partidu jarraian galdu ondoren, aurreko domekan Zarautzen irabazi genuen. Talde gaztea dugu, baina ondo moldatu gara.


Zein da helburua?


Euskadiko preferente mailari eustea. Hemen dago gure lekua, eta, nola edo ala, eutsi egin behar diogu.


Bihar, zapatua, 16:00etan liderraren kontra jokatuko duzue.


Bai, eta hor erakutsi beharko dugu zein den gure benetako maila. Partidua oso zaila da, jokalari indartsuak dituztelako. Baina guk askoz hobeto jokatzen dugu Zubikoan. Harmailetan ez da ikusle askorik egoten, baina askoz lasaiago eta erosoago jokatzen dugu beti.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak