Sustrai Aloñak 92 eta 82 irabazi dio Askartzari

Julen Iriondo 2011ko urt. 9a, 00:08

Oñatiarrak atzetik joan ziren markagailuan bigarren laurdenean, baina ezohiko jokalariek eutsi egin zioten kontrako alde txikiari eta, jaurtiketetan asmatzen joan ahala, pixkanaka aurrea hartu eta lider jarraitzen dute gorriek.

Partiduko aurreneko minutuetan kanpoko jaurtiketetan ondo ibili ziren bizkaitarrak, eta defentsan Aloñakoen barruko jokoa bikain geratzea lortu zuten gainera. Hori ikusita, kanpotik jaurtitzeari ekin zioten oñatiarrek ere, baina eskumuturra ez zuten nahikoa bero antza: "Lehenengo zatia hiru hirukorekin amaitu dugu, eta hiruko marratik huts asko eginda", zioen amaieran Xabier Igartua Sustrai Aloña Mendiren entrenatzaileak.
 
Oñatikoek gainera baja garrantzitsuak zituzten zapatuan, eta horri gehituta Iñigo Biainek agudo pilatu zituela faltak, normalean minutu gutxi izaten dituzten jokalariek protagonismo berezia hartu zuten, eta ohi baino lehenago gainera, bigarren laurdenerako: "Ezohikoek oso maila ona eman dute, eta lortu dugu atsedenaldira puntu asko atzetik ez joatea".

Emaitza 39 eta 43 zen lehen bi laurdenen amaieran. Bigarren zatian nabarmen hobetu ziren etxekoen jaurtiketa portzentajeak, eta beste alor guztietan ere hobera egin zuen gorrien jokoak.
Bizkaitarrek, ostera, ez zuten lehenengo zatian adina asmatu –atsedenaldirako zortzi hiruko zituzten sartuak–, eta Igartuaren mutilek hartu zuten jokoaren kontrola. Horretan zeresana izan zuen defentsa gogortu izanak ere, errebotean nagusituz. Hirugarren laurdenean 15 puntu inguruko aldea hartu eta estuasunik gabe amaitu zen partidua Sustrai Aloña Mendirentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak