Pilotalekua goraino bete zen Ganbara Txiki eta Gaztekoen ikuskizunarekin gozatzeko

Amaia Txintxurreta Guridi 2010ko abe. 30a, 11:50

Oñatiko Ganbara Txiki eta Gazte abesbatzek urtero bezala, aurten ere Gabon jaietarako ikuskizun berezia prestatu dute. Oraingoan, proiektu berezi eta berritzailea aurkeztu dute; musika, dantza, txalaparta, pintura eta poesia uztartzen dituena. Guztira, 100 lagun inguruk hartu dute parte; atzoko estreinaldian Zubikoa Kiroldegiko pilotalekua bete egin zen. Ikusi argazkiak.

Normalean, Gabon egunetan musikalak taularatu izan dituzte Ganbarakoek, baina aurten zerbait berritzailea aurkeztu nahi zuten, eta horretarako, ikuskizun berean herriko hainbat talde elkartu eta hainbat arte adierazpen fusionatu dituzte.

100 pertsonak hartu dute parte

Gutxi gorabehera 100 pertsonak hartu dute parte aurtengo proiektuan: Ganbara Txiki eta Gazteko abeslariek, Oñatz dantza taldeak, Andoni Salamero poetak, Joana Manzisidor margolariak eta Urretxuko txalapartariek. Aitor Biain zuzendariaren arabera beti nahi izan dute arte mota desberdinak abesbatzen mundura eramatea eta ikuskizun honekin lortu dute hori.

Gabonetan egiten duten seigarren ikuskizuna da aurtengoa; ‘Bizitzaren Maitasun Harian’ proiektua aurrera eramateko, urte eta erdiko lana egin behar izan dute.

Entseguak

Ganbarakoek eta Oñatz dantza taldekoek ikuskizuna gertatzeko entseguak, bakoitzak beraien lokaletan egin dituzte. Baina azken egunetan Santa Ana antzokian entseatu dute proiektua, taularatzean dena primeran irteteko. Eta halaxe izan zen: arrakasta izugarria izan zuten ikuskizunaren estreinaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak