Oruetaren estreinaldian Aloñak ezin izan zion buelta eman bolada txarrari

Irati Goitia 2010ko abe. 28a, 13:19

Aitor Orueta, domekan estreinatu zen Aloña Mendiko Ohorezko Erregional mailako entrenatzaile berri bezala, eta ez zuen zorte onik izan. Izan ere, azken unean galdu zuten Idiazabalen aurkako partidua 0 eta 1.

Abenduaren 19an UDAren aurka jokatutako partidua galdu ostean, Aloña Mendiko futbol saileko zuzendaritza batzordea bildu egin zen, eta Pablo Diez kargutik kentzea erabaki zuen. Bere ordez, Aitor Orueta izendatu zuten Ohorezko Erregional mailako entrenatzaile berri.

Oñatiarrak 16. dira egun sailkapenean, 12 punturekin soilik. Jokoan izan diren azken 39 puntuetatik 6 baino ez dituzte lortu; dena dela, aurrekoekiko aldeak oraindik ez dira erabakigarriak.

Domekan, estreinatu zen Orueta entrenatzaile gisa, Aloña Mendik Idiazabalen aurka jokatutako partiduan, eta Oñatiko taldeak ezin izan zion bolada txarrari buelta eman (0 eta 1 galdu zuen). Bigarren zatian Aloña izan zen nagusi, baina oraingoan ere Aretxabaletan gertatu bezala, azken unean galdu zuen partidua. Oruetak kolpe handia izan zela aitortu digu eta jokalariak lur jota itzuli zirela aldageletara. Hala ere, lan eginez gero, aurrera aterako direla uste du.

Bestalde, adierazi digu, beharrezkoa ikusten duela lehendabizi taldearen egoera psikologikoa lantzea, eta horrela egin zuela lehen entrenamenduan. Talde giroa indartzeko helburuarekin hitzaldi bat eman zien jokalariei: konpromisoak, errespetuak eta denak bide beretik aritzeak duen garrantzia azpimarratu zien. Bigarren entrenamenduan ekin zioten futbol arloa lantzeari.

Datozen bi partiduak zailak izango dira, lehenengoaren eta bigarrenaren aurka jokatu behar baitute. Hala ere,  Oruetak taldeak egiten duen lanean du konfiantza eta partidu horietan puntuak ateratzeko aukera badagoela dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak