Eva de Miguel: "45.000 etxe egin ditu Ferrer Fundazioak Indiako hegoaldean, baztertutako jendearentzat"

Edu Mendibil 2010ko abe. 29a, 01:00

Izar Taupadak kanpainaren barruan, Eva de Miguelek (Bilbo, 1979) Vicente Ferrer Fundazioaren gaineko hitzaldia egin berri du Elkar Hezi ikastetxean, Oñatin. Elkarrizketa egin diogu.

Pedagogian lizentziatutakoa da De Miguel eta duela sei hilabete hasi zen fundazioan, Euskadiko eta Kantabriako delegazioko teknikari lanetan.

Zein izan da hitzaldiaren helburua?
Alde batetik, Vicente Ferrer Fundazioaren [www.fundacionvicenteferrer.org] eta Ulma Fundazioaren arteko harremana azaldu nahi izan diegu ikasleei eta bestetik gure Fundazioan nortzuk ari diren, zer nolako lana egiten den eta ukitzen ditugun sektoreak zeintzuk diren azaldu. 1969tik dabil Fundazioa Indian lanean. Hegoaldeko tokirik pobreenetakoa da Anantapur eta hango komunitatearen arazoei aurre egiten ahalegintzen gara. Akzioaren filosofian oinarrituta, garapenerako gobernuz kanpoko erakundea da Fundazioa. Gaur egun, 144.000 kolaboratzaile ditugu Espainian eta beste 735 atzerrian. Modu ezberdinak daude Fundazioarekin kolaboratzeko.

Noiztik dabil Ulma Fundazioa zuekin elkarlanean?
Urteak daramatzate Indiako proiektuetan modu aktibo batean laguntzen: 2004an, elbarritu batendako etxebizitza eraikitzen; 2006an Ganganpalli Thandako kolonian etxebizitza bat eginez; 2009an Jayasudha izeneko mutikoa babesean hartuta; edo aurten C. Bathalapalli herrian, hiru etxebizitza eraikiz.

Zertan datza akzioaren filosofia?
Izenak dioen bezala akzioak du garrantzia. Abian jarritako ekintza guztiek helburu positiboa daukate eta kooperazio modeloa beti ere jatorrizko biztanleendako jasangarria izatea da asmoa. Gaur egun, esaterako, 1.900 lagun dabiltza Anantapur inguruan lanean eta %99 bertako biztanleria dira. Lau milioi biztanle inguru dira Anantapurren eta Fundazioaren lana 2 milioi lagunengana heltzen da gaur. Azken baten, zera bilatzen dugu: bertakoei erreminta egokiak eman eta haiek izan daitezela aurrera egiten dutenak. Akzioen filosofiak ez du etenik, lana etengabekoa eta, esan bezala, dagoeneko 40 urte egin ditu Fundazioak Indian.

Eta nolako proiektuak dira martxan gaur egun?
Uravakinda eskualdean, Kurnool distrituan lanean jarraitzen dugu. Hain zuzen ere, Sakibanda herrian 29 etxebizitzen eraikuntza jarri dugu; bertako biztanleendako bizitza kalitatearen sekulako hobekuntza suposatzen du horrek. Bestetik zera azpimarratu beharra dago: etxe guztiak emakumeei zuzentzen zaizkiela, haien egonkortasuna eta segurtasuna ziurtatzea bilatzen baita.
Vicente eta Anna Ferreren seme-alabetako bat, Moncho, Indian dihardu lanean eta haren esanetan, aitarekin batera, hamar urtetan 30.000 etxe eraikiko zituztela aurreikusi zuten. Baina aurreikuspen horiek gainditu dira dagoeneko: 45.000 etxe egin dira dalit edo ukituezinendako (kastarik gabeko nekazariak, ia-ia guztiz marjinatuta daudenak), backward cast delako kideendako (marjinatuta eta pobrezian bizi den jende oso umila) eta tribuendako. Bestetik, eskola ere abian jarri da Sakibandan aurten eta hango komunitatea erabat inplikatu da. 140 familia inguruk bat egin dute irakasleari soldata ordaindu ahal izateko eta oraingoz eskolak tenpluan badira ere, laster eskola eraikitzea da asmoa.

Kasten sistemak nolako indarra du gaurko Indian?
Kasta arrazoiengatik edozein bazterketa zigortzen du Indiako Konstituzioak 1950. urtetik, baina praktikan aldaketa oso geldoa da. Kontuan hartu mendetan jarraitu izan den sistema dela; kasta bateko edo besteko kide izateak pertsonen estatusa zehazten du eta hori dela eta gehien baztertutako pertsonen alde lan egiten du Fundazioak. Lehen aipatutako dalit edo ukituezinak, backward kastakoak, tribuak eta emakumeak orokorrean dira horietako batzuk. 

Krisiak zer nolako eragina izan du Fundazioarengan eta bestelako gobernuz kanpoko erakundeengan?
Argi dago guztiok jasaten ari garela krisiaren ondorioak eta lan edo proiektu berdinak egiteko diru laguntza gutxiago dagoela. Gainera, nolabaiteko konpetentzia ere badago GKEen artean, laguntzak eskuratzeko. Baina kolaboratzaile dezente ditugu eta jende berria hurbiltzen da oraindik Fundazioarengana. Zentzu horretan, Nobel sarietarako hautagaien artean egon da Fundazioa aurten eta horrek, zorionez, bultzada eman dio Fundazioari. Anna Ferrer Vicenteren alarguna Espainian dabil egunotan eta gure lana ezagutzera emateko, eta komunikabideen bitartez jendearengana iristeko baliagarria izango zaigu hori.

Oñatira bidezko merkataritza ere ekarri duzue...
Bai, zapatuko azokan parte hartu genuen. Minusbaliotasun arazoak dituzten emakumeei laguntzeko helburua du gure proiektuak.

Bukatzeko, nola hasi zinen Fundazioan lanean?
Aspalditik jarraitu izan dut Fundazioaren lana. Izan ere, telebistan eta bestelako komunikabidetan oihartzun zabala izan du Vicente Ferrerek egindako lana. Beti erakarri izan nau egitasmoak eta lanean orain dela sei hilabete hasi banintzen ere, bihotzean beti gertu sentitu izan dudan egitasmoa izan da. Benetan txalogarria da Fundazioaren lana eta argi dago Vicente Ferrer ameslari bat izan zela. Eta zorionez bizi dirau haren ametsak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak