Aloña Mendikoek 1-2 galdu dute Tolosaren aurkako norgehiagoka

Mirian Biteri 2010ko abe. 12a, 21:05

Badira lau jardunaldi Aloña Mendik garaipenik lortzen ez duela. Gaurkoan ere Oñatiko taldeari ihes egin dizkiote hiru puntuek.

Etxean jokatu du taularen erdiko aldean dagoen Tolosaren aurka. "Norgehiagoka parekatua izan dela iruditu zait niri, oso fisikoa", adierazi du Pablo Diez entrenatzaileak. Arabarraren esanetan etxeko taldearen akatsak baliatu dituzte tolosarrek norgehiagoka irabazteko. "Lehenengo gola 15. minutuan egin digute", azaldu du. "Baloia atezainarengana zihoan zuzen-zuzenean, baina labaindu egin da eta gola egin digute". Ordu erdira iritsi da txantxikuarren berdinketaren gola. "Gure jokaldi batean egin du Unai Arregik".
     Markagailua gol banako berdinketarekin joan dira atsedenera jokalariak. Tolosarren bigarren gola partidua amaitzeko 20 bat minutu falta zirela iritsi da. Etxekoei baloi bat lapurtuta egin dute bigarren tantoa. "Azken hamar minutuetan atezainaren gainean izan gara, baina ez dugu bigarren aldiz berdintzea lortu", zioen Diezek partidua amaitutakoan. "Zorte txarra izan dugu eta ez dugu irabazterik izan, baina oso pozik nago mutilek erakutsitako jarrerarekin. Sailkapenean lauzpabost talde gaude puntu gutxiko aldearekin eta orain arte moduan jarraituko dugu lanean". Datorren aste bukaeran Aretxabaletan izango dira Diezen mutilak. UDA izango dute hurrengo arerioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak